«Biolista izatea da nire ametsa, eta ondoren, konposatzaile»
15 urte besterik ez dituen irundar gazteak biola errezital bat eskaini zuen atzo Hondarribiko Musika eta Dantza eskolan. Waterlooko Musica Mundi School-en (Brusela) ikasten du.

Ideiak oso argi dituen gaztea da Aimar Herrera. Munduko musika eskolarik onenetako batean ikasten du, Belgikan, eta bertako exigentzia maila oso altua den arren, pozik dago izan duen aukerarekin. Biolista profesional eta konpositore izateko ametsa lortzeko bidean da. [Elkarrizketa hilaren 10ean egin zen].
Zure lehenengo errezitala eskainiko duzu. Nola sentitzen zara?
Pixka bat urduri nago, baina ondo. Pieza berriak dira niretzat. Errezitalak ordubeteko iraupena izango du, eta ez da horren erraza pieza horiek hilabete batean ikastea. Baina gogotsu nago.
Eszenatokian ez zara bakarrik egongo, Vincent Planes pianista izango duzu alboan. Nolakoa izan da harekin izan duzun lehen hartu-emana?
Nahiko ona, nahiz eta arazo txiki bat izan dugun. Orain arte piezak bakarrik jo ditut, pianorik gabe. Zaila da azaltzen, baina bakarrik edo pianoarekin jotzean afinazioa aldatu egiten da. Gaur egin dugun entseguan desafinatuta nengoela iruditzen zitzaidan. Etxera heldu eta zenbait gauza aldatu ditut. Pianoarekin jotzera ohitu behar naiz orain.
Orduan, konponketa guztiak zuk zeuk egiten dituzu?
Bai. Musikariaren bizitza horregatik da zaila. Ez da soilik entseatzea, gauza gehiago hartu behar dira kontuan.
Zer nolako piezak joko dituzu?
Errezitaletan ez dira concerto-ak jotzen. Concerto batean biolarentzako eta orkestrarako sortutako piezak jotzen dira, eta nahiz eta pianoarentzat konponketak egon badauden, errezitaletarako nostalgia kutsu bat duten obrak hautatzen dira normalean, entzuleengana heltzeko. Horrek ez du esan nahi pieza horiek errazak direnik. Zailak dira ere bai, baina konposizioa ezberdina da, pianoarekin jotzeko sortuak baitaude.
Pieza errezenetik hasi eta zailenarekin amaituko dut. Kontzertuaren hasieran eroso sentitzeko eta bukaeran indartsu bukatzeko.
Nola sentitzen zara agertoki batera igotzen zarenean?
Urduritasuna eta sabeleko mina izaten ditut askotan. Baina pentsamendu positiboekin igotzen naiz beti, egin ditzakedan akatsetan pentsatu gabe. Esperientzia bakoitzak hobetzen lagunduko didala gogorarazten diot nire buruari.
Gauzak modu horretan ikusteko lanketa berezia egin al duzu?
Ez, esperientziaren emaitza da. Kontserbatorioan egin nituen lehen entzunaldietan oso beldurtuta nengoela gogoratzen dut, eta eskuak dardarka nituela. Gerora ikasi nuen, zenbat eta gehiago pentsatu zerbaiten inguruan, orduan eta gehiago kostatzen dela egiten. Eroriko zarela uste baduzu, azkenean erori egingo zara, baina horretan pentsatzen ez baduzu, probabilitate gutxiago izango duzu.
Nola gogoratzen duzu musikan hasi zineneko garai hura?
Garai emotibo bat bezala gogoratzen dut. Biolako lehen klasea izan baino lehen hain nengoen emozionatuta, ia zorabiatu egin nintzela. Betidanik izan dut musika gustuko, betidanik praktikatu nahi izan dut. Amak dio biolako lehen saioa izan ondoren, etxera iristean, malko bat jausi zitzaidala pozarren.
Zergatik hautatu zenuen biola? Ez da oso instrumentu arrunta.
Biolina jo nahi nuen berez, baina hautaketa egin behar zen egunean biolak entzutera joan ginen eta doinuak arreta eman zidan. Biolinarena baino baxuagoa zen, gozoagoa. Dudak izan nituen, eta urtebete itxaron nuen guztiz ziur egon arte.
Irungo Udal Musika Eskolan ikasten zenuen orduan. Nola heldu zitzaizun Belgikan ikasteko aukera?
Konexioen bidez. Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketa irabazi nuen [2022an] eta saria Natasha Tchitchekin masterclass bat egitea zen. Musikeneko biolista da, eta harekin saio batzuk ematea eskaini zidan. Aldi berean, udararo, Canfrancen (Aragoi, Espainia) egiten den udako kurtso batera joaten nintzen, eta bertan nengoela, Gerard Caussé biolistak masterclass bat eman behar zuela esan zidan Natashak. Caussé izaten da ikasleak hautatzen dituena, eta bertan izateko aukera izan nuen. Han nintzela izan nuen Musica Mundial School-en berri. Zenbait bideo grabatu, proba bat egin, eta hautatua izan nintzen.
Bi urte daramatzazu bertan. Nolakoa izaten ari da esperientzia?
Oso exijentea da, baina izugarri gustatzen zait. Eta ni bezalako mundu osoko gazte musikariekin bizitzea sekulakoa da. Familiarekin eta betiko lagunekin egotea faltan botatzen dut, baina aldi berean, ez dut horretan pentsatzeko astirik ere, mila gauza ditugulako egiteko. Exijentzia akademikoa eta musikala maila berean daude.
Nolakoa da zure egunerokoa?
Ordutegi ezberdina izaten dugu egunero. Ostiraletan, adibidez, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 16:00ak arte izaten ditugu klaseak, baina nik zenbait ikasgai baliozkotuta ditudanez, entseatzeko denbora izaten dut tartean. Astearteak, aldiz, oso egun luzeak izaten dira. Entseguak izanez gero, goizeko bostetan hasten gara. Bestela, 08:00etatik 17:00etara klaseak izaten ditugu, eta tartean bazkaltzeko 25 minutu. Ondoren, 17:00etatik 19:00etara praktika izaten dugu, 19:30etik 22:30era kamara saioa, eta 22:30etik 23:00etara, edo beranduagora arte, entseguak. Gogorra da, baina ohitu naiz jada.
Baduzu ametsik etorkizunerako?
Biolista izatea da nire ametsa. Berlingo Filarmonican edo Londresko Orkestra Sinfonikoan jo nahiko nuke, eta ondoren, konpositore gisa aritu.