Irun eta Hondarribiko 9.350 ur kontagailu ordeztuko ditu Txinzerrek
Aldatuko dituzten lehenak Hondarribiko Hondartza ingurukoak izango dira eta lanek guztira zortzi hilabete iraungo dituzte. Langileak "behar bezala akreditatuta" egongo direla abisatu dute.
Irun eta Hondarribiko 9.350 ur kontagailu ordezten hasiko da Txinzer. Berriek teleirakurketa teknologia berria izango dute eta hari esker ur-horniduraren kudeaketaren “eraginkortasuna” eta “zehaztasuna” hobetuko da. Aldaketa hauek egiteko Next Generation funtsak erabili dituzte.
Zortzi hilabete iraungo dituzte lanek eta lehen aldaketak Hondarribiko Hondartza inguruan egingo dituzte eta bertatik herriaren erdigunera joango dira, Mendelun amaituz. Behin Hondarribiko kontagailu guztiak ordeztuta, Irungo Pinudia eta Antzaran barrutietara joango dira, Bidasoa auzora iritsi arte.
Kontagailuak aldatzeari ekin aurretik bizilagunei jakinaraziko zaie atarian jarriko zaien ohar baten bidez. Aldiz, kontagailua barruan dutenen kasuan haiekin harremanetan jarriko da Txinzer, instalazioa koordinatu ahal izateko. Kontagailuak aldatzen arituko diren langile guztiak “behar bezala akreditatuta” egongo direla jakinarazi dute eta langileak Aquatec eta Klidat enpesakoak izango dira.
Lanak egin bitartean, unean uneko ur mozketa laburrak egingo ahalko dituztela aurreratu dute, eta hala izatekotan, jakinarazi egingo diete bizilagunei, eragozpenak ahalik eta murritzenak izan daitezen.
Zalantzak argitzeko beharra duenak 900 119 384 telefonora dei dezake edo mezu bat bidali helbide elektroniko honetara.