ESI BIdasoarekin bilera eskatu du Elkarrekin Irunek
Osakidetzaren "aurreikuspen falta" salatu du koalizio moreak. Irungo alkateari eskualdeko osasungintzaren narriaduran "inplikazio gehiago" eskatu diote.

Larrialdietako pediatria zerbitzuaren murrizketaren aurrean, Elkarrekin Irun koalizioak soluzioak eskatu dizkio Osasun Sailari. “Dagoeneko ez gara ari obra handiei buruz, osasun zerbitzuak kentzen ari dizkigute ez dagoelako langilerik zerbitzu horiek eskaintzeko” azaldu du David Nuño koalizio moreko bozeramaileak.
Arazo hau ez dela osasungintzako langileen errua adierazi du Nuñok; arazoa Osakidetzaren “planifikazio falta” dela nabarmendu du. “Osakidetzaren osasungintza ereduak osasun publikoa hil nahi du, osasungintza pribatuaren alde”, salatu du. Bide horretan, pediatra falta baldin badago, aurreikuspen faltagatik dela argi dute.
Aldi berean, ESI Bidasoak eskaintzen dituen lan baldintzak topa daitezkeen “okerrenak” direla deitoratu dute eta horregatik, osasungintzako langileek beste ESI batera joatea erabakitzen dute. Lan baldintzen afera honek agerian uzten du Osakidetzak ez duela balioan jartzen Bidasoko zerbitzuak, Elkarrekin Irunen arabera.
ESI Bidasoaren Gerentziarekin bilera bat egitea eskatu dute bozeramaileen juntan eta bilkura horretan Bidasoan “sortzen ari diren problemei” soluzioak emateko zein plan duten argitzea nahi dute. “Pediatra faltari urologo falta gehitu behar zaio eta azken zerbitzu honek hilabeteak daramatza bertan behera, eta dirudi Osakidetzari ez zaiola axola”, gaineratu dute.
“Herritarrei kalte egiten dieten” erabaki guzti hauen atzean EAJ eta PSE-EE egotea egotzi diote bi alderdiei: “zer gertatuko da orain? gure haurrak Donostiara eramango ditugu ere, haurren psikiatria zerbitzuko pazienteak bezala? Batzuetan Donostia ez dago sinestarazi nahi diguten bezain gertu”.
Auzi honetan Cristina Laborda alkateari “inplikazio gehiago” eskatu diote, dirudielako “ez dagoela inplikazio gehiagorako prest”. “Alkatearen inplikazio handiagoa nahi dugu, Iruni eragiten dien kontuetan eta bideo eta argazki politak atera ezin diren gauzetan”, galdegin dute.
Ohartarazi dute ospitaleko traumatologia zerbitzua “lehertzear” dagoela eta kasu honetan ere aurreikuspen faltagatik eta lan baldintza ez duinengatik dela salatu dute. Udalaren ardura dela arazo hauen aurrean benetako soluzioak eskatzea aldarrikatu du Nuñok. “Ez EAJ ezta PSE-EE ere ez dira arazoa serio hartzen ari baina espero dut Irungo Udaleko alderdiek, udal gobernuan dauden alderdiek serio hartzea gaia”, eskatu du Nuñok.
Azkenik, anbulatorio handiak eraikitzeak ez du ezertarako balio Elkarrekin Irunen esanetan, baldin eta aurreikuspenik ez dagoen eta lan baldintza duinak ez dauden. “Joko politikoak alde batera ez badira uzten, pertsonek sufritu egingo dute eta Osakidetzaren narriadura areagotu egingo da haren desagertzera arte, eta dirudi honen bila dabiltzala PSE-EE eta EAJ”, bukatu du Nuñok.