Bidasoko larrialdietako pediatria zerbitzuak astean 99 ordu gutxiago eskainiko ditu
Egunean 15 orduz eskaintzen da gaur egun zerbitzu hau ospitalean, eta egunean bi ordu izatera murriztu du Osakidetzak. Ordu horietan pediatra bakarra egongo da irundar eta hondarribiar guztientzat.

Irun eta Hondarribian guztira hiru anbulatorio daude, eta horietan pediatra zerbitzua lanegunetako goizetan eskaintzen da, 08:00etatik 15:00etara. Ordutegi horretatik kanpo, Bidasoa ospitaleko larrialdiko pediatra zerbitzura joan behar dute pazienteek, eta bertako ordutegia 15:00etatik 08:00etara bitartekoa da.
Osakidetzak aldaketak iragarri ditu pediatriaren larrialdi zerbitzuan, eta horren arabera, lanegunetako larrialdi zerbitzuan pediatra bakarra egongo da Irun eta Hondarribiko hiru zentroetarako eta 15:00etatik 17:00etara eskainiko du arreta.
Aldaketa hau “balizko hobekuntza” gisa aurkeztu izana salatu du Osasun Bidasoa plataformak. Izan ere, lehen begiratuan lanegunetan anbulatorioetako zerbitzua bi ordu gehitzen dela uler badaiteke ere, 17:00etatik 08:00etara ez da larrialdi zerbitzurik eskainiko, ez ospitalean ezta anbulatorioetan ere.
Ospitalean, astean zehar, egunean 15 orduz ditu ateak zabalik pediatriako larrialdi zerbitzuak eta Osakidetzak zerbitzu hau bi ordutara murriztu du. “Benetako emaitza honako hau da: 15 ordu gutxiago arreta pediatrikoan lanegunetan, eta 24 ordu gutxiago larunbat eta jaiegunetan”, zehaztu du plataformak. Hots, astean 99 ordu gutxiago larrialdietan.
Zerbitzu honen ordutegi murrizketa, “arreta prekarioa” ematen duten zerbitzuen zerrendari batu zaiola deitoratu du Osasun Bidasoak, hala nola, urologia, erradiologia, minaren unitatea, traumatologia, haurren psikiatria, kardiologia eta neurologia. Osasun publikoaren narriadurarekin jarraituz, ospitalea inauguratu zenetik lehen aldiz traumatologiako larrialdi zerbitzurik ez dela egon ere salatu dute, “ez guardiarako, ez modu presentzialean ezta dei bidez ere”.
Beste behin salatu du plataformak Bidasoan osasun arreta publikoa “okerrera” egiten ari dela eta “etenik gabe”. Gaineratu dute, pediatriako larrialdiak ixtea “beste urrats bat” dela narriaduraren bidean. Beste behin ere agerian utzi nahi izan dute Bidasoan Osakidetzako asistentzia zuzendaritzen eta giza baliabideen “kudeaketa txarra”.
Bidasoan lan egitea “erakargarri egiten ez” duten neurriak ezartzen ari direla leporatu diote Osakidetzari. Horren kontrara, elkarrizketaren eta lan baldintzak hobetzearen bidez “talentua erakarri” behar lukeela Osakidetzak uste dute. Kudeaketa “txar” hau, herritarrek jasaten dutela salatu dute, osasun zerbitzuak pixkanaka murrizten ari direlako.