Liburu azoka egingo da aurten ere
Euskararen presentzia apur bat handiagoa izango da, esate baterako, irakurketa publikoan lehen aldiz euskarazko liburu bat irakurriko delako. Egitaraua jada ikusgai dago.

Liburuaren Nazioarteko Eguna hilaren 23an ospatzen da eta Irungo Udalak hura presente edukitzeko Liburuaren Azoka antolatu du. Zabaltza plazan izango da eta ateak 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik. Gaur egin du azoka honen aurkezpena Nuria Alzaga Kultura ordezkariak.
Irakurzaletasunean jarri du fokua Alzagak eta aipatu du udalarentzat hori sustatzea “funtsezkoa” dela. “Hala, hirian zehar sei hiri-liburutegi ditugu, eta CBAn ere, etengabe ari gara hobekuntzak egiten”, azaldu du. Azoka hau “aukera paregabea” izango dela uste du, “burua lantzen duen eta istorio onenetan barneratzen gaituen ohitura horretara publiko berriak erakartzeko”.
Azokan hainbat karpa topatuko dituzte literatura zaleek, hala nola, Tinta Comics, Elkar liburu denda, Oskarbi Bidasoko idazleen elkartea eta Bitamine argitaletxea. Jarduerak ere antolatu dituzte, besteak beste, liburuak sinatzen arituko dira, baita liburuak aurkezten ere. Tailerren artean, liburu pertsonalizatu bat sortzeko familia tailer bat prestatu dute; haurrentzako ipuin kontaketa ere egingo da.
Urtero lez, hilaren 23an, irakurketa publikoak egingo dira CBA udal liburutegian eta lehen aldiz euskarazko liburu bat irakurriko da. Hain zuzen, Harkaitz Cano idazlearen Mundua pitzatuta baina hantxe gabiltza oinez entzuteko aukera egongo da. Bestalde, beste urteetan bezala, On Kixote Mantxakoa liburuaren irakurketa ere egingo da.
Hilak 23
Goiza
- 10:30etik 12:00etara: familientzako arte-tailerra. Liburu pertsonalizatu bat sortzeko aukera. Sarrera librea.
- 12:00etatik 13:00etara: Ribera bekaren Etxe Berriko Kontakizunak proiektuaren argitalpenaren aurkezpena. Raquel Meyers eta Arkaitz Saizena dira proiektuaren egileak eta 1950 urte bukaeratik 1970 hamarkada erdialdera arteko Bidasoko barne migrazioa aztertu dute. Hain zuzen, La Palmera, Porcelanas Bidasoa, Chocolates Elgorriaga edo Sancheski bezalako fabriken industria hazkundea. gertatu zenekoa.
- 13:00etatik 14.00etara: Alicia Alonso irundarraren Guardianes de Eilen I: el amuleto de Anhalah liburuaren aurkezpena. Liburuak sinatzen ere arituko da.
Arratsaldea: liburu aurkezpenak
- 17:00etatik 18:00etara: Mujeres en la Historia del Arte liburuaren aurkezpena Mariajo Noain hondarribiarraren eskutik eta Marialui Garcia kazetariak aurkezten duelarik. Idazketa prozesuaren alde interesgarrienak nabarmenduko dituzte.
- 18:00etatik 19:00etara: Nerea Kortabitarteren Merezco una primavera. XXI. mendean emakume izateak dakartzan konplexutasunetan barneratzen den liburua da.
- 19:00etatik 20:00etara: Ehun zaldin trostan, Ainhoa Urien Telletxeren liburuaren aurkezpena.
Erakusketa
Merche Enrique Sanchez irundarraren Koadernatzeko artea erakusketa ikusgai egongo da azokak iraun bitartean. Erakusketa honetan koadernaketaren fase ezberdinak erakutsiko dituzte, hala nola, koadernaketa, scrapbooking, kartoigintza eta dekorazio arteak.