Iraso eta Luis Mariano zentroetako tabernak irekitzeko eskatu dute
Hiriko adinekoen hainbat elkarte batu dira bi adinekoen gizarte zentroetako tabernak ireki ditzaten. Udalaren jarrera "positiboa" izan dela baloratu dute.

Iraso eta Luis Mariano adinekoentzako gizarte zentroetako jantoki-tabernak irekitzeko eskaera egin dute hiriko adinekoen hainbat elkartek: Makila, Gure Altxor, Nagusilan, Gepe, Afagi eta Zelaiburuk. Eskaera egin dute ere Herritarren Foroa eta Auzo Elkarteen Federazioak.
Pandemia garaitik itxita daude bi ostatuak eta irekitzeko eskaera udalari egin diote. Elkarteek, orain arteko bileretan “jarrera positiboa” nabaritu dutela nabarmendu dute: “Taberna jantoki horiek funtzionatzeko behar diren eraikinak eta makinak martxan jartzeko beharrezko inbertsioak egiteko konpromisoa dago”, azaldu dute. Elkarteek uste dute Irungo Udalak behar sozial hau betetzearen alde egin behar duela, kontutan hartuta Irun Gipuzkoako bigarren hiri populatuena dela.
Jarrera positiboa hainbat arlo teknikoetan ere nabaritu dute. Izan ere, enpresei edo partikularrei taberna-jantoki horiek kudeatzeko pleguak egiteko asmoa adierazi zuen udalak. “Lan horrek beharrezko denbora beharko du teknikoki eta juridikoki bideragarriak izan daitezen”, zehaztu dute.
Balioan jarri nahi izan dute hainbat elkarte batu izana eta irizpideak elkarrekin aldarrikatu izana. “Negoziazioetan nabaritu egin da hori”, gaineratu dute. Azkenik, laguntza emateko prest daudela adierazi dute, bi zentroetako jantokiak berriro ireki ditzaten. “Irungo adinekoek eskatzen dute eta behar beharrezkoa dute”, bukatu dute.