Ikertalde enpresarekin elkartuko dira bihar herriko zerbitzu enpresa, merkatari eta artisauak
Hiriko Merkataritza eta Zerbitzuen Biziberritze Estrategia garatzen ari da Ikertalde. Biharko hitzorduan, diagnostikoa aztertu eta ekintza planeko ardatz nagusiak irudikatuko dituzte.

Hondarribiko zerbitzu enpresek, merkatariek zein artisauek hitzordua dute bihar (hilak 10) Ikertalde aholkulari enpresarekin. Udalak Hiriko Merkataritza eta Zerbitzuen Biziberritze Estrategia garatzeko kontratatu duen enpresa da. Orain artean, herriko merkataritza eta zerbitzuei buruzko diagnostikoa garatu dute, eta hori da biharko bileran aurkeztuko dutena.
Diagnostikoa azaldutakoan ekintza planeko ardatz nagusiak irudikatzeko lanketa garatuko dute. “Elkarrekin egin nahi dugu, Hondarribiko merkataritza-ehunaren garapena bultzatu eta sektorearen modernizazio prozesuan laguntzeko asmoz” esan dute udaletik.
Hori horrela, sektoreko eragileei bertaratzeko gonbita luzatu diete. Kultur Etxeko 103. gelan izango da hitzordua 14:00etan.