Iaz %2,61 jaitsi zen erregistratutako delitu kopurua
Irunen 4.748 arau hauste penal egin ziren 2023an, eta 2024an, berriz, 4.624 izan ziren. Etxebizitzetako lapurretak zertxobait igo dira (%3,41) eta igoera nabarmena droga trafikoan izan da (%75).

2024. urteko delitu egitateen balantzea eta analisia egin du Irun eta Hondarribiko udalen Segurtasun Batzordeak. Bilera hau Irungo Ertzain Etxean egin zen eta bi udalerrietako alkateak gerturatu ziren, baita bi hirietako Udaltzaingo arduradunak ere.
2023ko datuekin alderatuta, Irunen delinkuentzia kopurua %2,61 jaitsi da. Datu hau Euskadiko batez bestekoaren behetik dago, %3,39ko igoera baita orokorra. Gipuzkoakoa, berriz, %9,10ekoa da. Hiriburuei begira jarrita, Gasteiz, Bilbo eta Donostia, %0,82, %2,49 eta %18,7ko igoera bizi dute, hurrenez hurren.
Cristina Laborda alkateak adierazi du “lan asko” dagoela egiteke, baina positibotzat baloratu du hirian delitu kopuruen salaketak jaistea. Ertzaintzarekin koordinazioa indartzen jarraitzeko konpromisoa hartu du Labordak. “Badakigu irundarrek elkarbizitza eta segurtasuna hobetzeko ekintza zehatzak eskatzen dizkigutela, eta ahaleginak bikoizten eta gure ekintzak indartzen jarraituko dugu, aurten markatzen ari garen ildo horrek beherantz jarrai dezan”.
Balantzea egiteko hainbat datu hartu dituztela kontutan adierazi du Iñigo Berges Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzarako ordezkariak: “Atxilotuen zifrek, atestatu judizialek eta egindako esku hartzek prebentzioa, kontrola eta sentsibilizazioa konbinatzen dituen ikuspegi bat nabarmentzen dute”.
Segurtasun arloak auzoetan presentzia “handiagoa” bermatu nahi du, baita arau hausteen kontrol zorrotzagoak egin edota polizia agenteei etengabeko formakuntzak egitera bultzatu. Honen guztiaren helburua, irundarren bizi kalitatea hobetzea eta bizikidetasun seguruago bat ziurtatzea dela esan du Bergesek.
Datuak
2024an, memoriak 4.624 arau hauste penal aurkeztu ditu, eta 2023an 4.748 izan ziren arau-hauste penalak. Beraz, 1.000 biztanleko arau hausteen tasa 72,64koa izan da.
Pertsonen kontrako delituak pertsonen osotasunaren aurkakoak dira, esate baterako, lesioak edo familia barruko tratu txarrak. Arau hauste hauek %5,53 egin zuten gora egin zuten iaz, 524tik 553ra. Bestalde, askatasun sexualaren aurkako delituek %17,02ko beherakada izan zuten, 47 kasu izatetik 39 izatera.
Ondarearen aurkako delituak ere zenbatu dituzte eta 2023an 2.235 delitu erregistratu bazituzten, iaz 2.166 izan ziren. Honek %3,09 igoera egon zela esan nahi du.
Indarkeriaz edo larderiaz egindako lapurretak ez dira aldatu 2023tik 2024ra, eta 93 izan dira bi urteetan. Etxebizitzetan egindako lapurretak zertxobait igo dira, 85etik 93ra eta honek %3,41eko igoera erakusten du. Etxebizitzaren eranskinetan, hau da, garaje moduko espazioetan igo egin dira lapurretak, 15etik 23ra.
Ebasketak jaitsi egin ziren iaz, %10,75 hain zuzen, 1.209 kasutik 1.079ra. Aipagarria da saltokietan egindako lapurretek ere behera egin dutela (%32,39). 2023an, 71 izan ziren, eta 2024an, 48.
Iruzur delituetan ere, behera. 2023an 64 salaketa jaso zituzten eta 2024an 59 izan ziren. Delitu informatikoek, oro har, %11,39 egin zuten behera; 2023an, 1.062 izan ziren, eta 2024an, 941.
Igoera nabarmena segurtasun kolektiboaren aurkako delituetan izan zen, horiek %27,24 hazi baitziren, 268 izatetik 341era. Droga trafikoan, arau hausteak 36tik 63ra igo ziren, %75eko igoera izan zelarik. Alkoholaren, drogen eta abarren eraginpean gidatzearekin lotutako delituak 2023ko 180en azpitik, iaz 175 izan ziren.