Aitor Azurki eta Aitzol Arroyo 1936an Gipuzkoara iritsitako lehenengo boluntarioei buruzko ikerketa-liburua ontzen ari dira
Proiektuaren ikerketa-fasean daudenez, gaiari buruzko datuak eta dokumentazioa partekatzera gonbidatu dituzte herritarrak. Liburua 2026an argitaratzea aurreikusi dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1936an Gipuzkoara iritsitako lehenengo boluntarioei buruzko ikerketa-liburu bat argitaratuko du 2026an, 36ko Gerraren 90. urteurrenean. Liburua Aitor Azurki kazetari donostiarrak eta Aitzol Arroyo historialari hondarribiarrak idatziko dute, eta aldundiaren iritziz “lan aitzindaria” izango da. Izan ere, Gipuzkoara iritsitako boluntario internazionalisten bizitzari eta heriotzari erreparatuko diote egileek, historia berreskuratzeko helburuarekin.
Gaur goizean Donostian egin duten aurkezpenean azaldu dutenez, faxismoari aurre egiteko, “gutxienez” dozena erdi herrialdetako ehundik gora boluntario internazionalista etorri ziren Gipuzkoara, eta Irungo kontzentrazio-esparruan bostehun atzerritar baino gehiago izan zituzten gatibu. “Pasarte horiek guztiak ahaztuta egon dira”, horregatik, Azurkiren ustez, “gizarte gisa, aspaldi egin beharreko betebeharra” zen pertsona horien guztien oroimena berreskuratzea. “Guztia borondatez eta inolako ordain ekonomikorik gabe utzi zuten, faxismoaren aurkako borrokarekin bat egiteko, euren mugetatik kanpo, lur eta gizarte erabat ezezagun batera iritsiz, giza eskubideen eta pertsona behartsuenen aldeko borrokaren ideala jarraituz”.
Gainera, “gaur egun eskuin muturraren gorakadarekin gertatzen ari den bezala, duela ia 90 urte ere Gipuzkoako kolpisten gorakadarekin, ehunka antifaxista etorri ziren hona” gogoratu du Arroyok. “Gure lurraldera lehenago etorri ziren atzerriko boluntarioak, Katalunia edo Madrilera baino; baita Nazioarteko Brigada ospetsuak sortu baino lehenago ere. Hainbat hamarkadatan ikusezin bihurtu dira, edo ez dira aintzat hartu”. Baina aurrerantzean, “Jarama edo Belchiteri buruz hitz egiten dugun moduan, hemendik aurrera Irun, Donostia, Eibar edo Elgetaz ere hitz egin beharko dugu” adierazi du.
Herritarren parte hartzea
Azurki eta Arroyo proiektuaren ikerketa-fasean daude. Hori dela eta, gaiari buruzko datuak eta dokumentazioa partekatzera gonbidatu dituzte herritarrak: “Gerta daiteke pertsona batzuek beren senideei entzundako istorioak edo gertaerak, argazkiak edo objektuak ezagutzea, asko nabarmentzen baitziren. Ez bakarrik jatorriagatik, baizik eta armak erabiltzeko zuten gogo, borondate eta trebetasunagatik, besteak beste. Horregatik, denbora asko igaro den arren, gure gizarteko artxibo pribatuetan oraindik dokumentazio garrantzitsua egon daitekeela uste dugu” azaldu du donostiarrak.
Haiekin harremanetan bi modutara jarri daiteke: helbide elektroniko bidez edota telefono bidez (665724752).