Zaisa Txingudi nahi bezala bukatzen ari da denboraldia
Esfortzu askoren ondoren Zaisa Txingudi taldeak garaipena lortu zuen Arratiko Zekorren kontra. 14 urte azpiko taldeak, berriz, Gipuzkoako Txapelketako finala jokatzeko txartela eskuratu zuen.

Zaisa Txingudi taldeak etxean jokatu zuen larunbatean. Arratiko Zekorrak taldea izan zuten aurkari, eta emaitzak, hasiera batean, partida erraza izan zela irudikatu dezakeen arren (52-26), “dirudiena baino zailagoa” izan zela azaldu du klubak.
Bi zatiak oso ezberdinak izan ziren. Lehen zatiko hirugarren minuturako Arratiko Zekorrak aurrea hartu zuten markagailuan (0-5). Eraso horren aurrean, txingudikoek azkar erantzun zuten eta Aritz Rodriguezek berdinketa lortu zuen seigarren minutuan (5-5). Klubak azaldu duenez, etxekoak ez ziren eroso sentizen ari eta jokoa zabaltzea kostatzen ari zitzaien. Kolpe gehiegi egin zituzten, baloiaren jabetza galduz. Bizkaitarrek aurrea hartzeko baliatu zuten aukera, eta hala bukatu zen lehen zatia (12-14).
Bigarren zatian, ordea, etxekoek baloia kontrolpean izatea lortu zuten. Lesio batzuen ondorioz talde bizkaitarra hamahiru jokalarirekin geratu zen, eta une horretatik aurrera, eraso azkarrak eginez, puntuak berreskuratu eta aurrea hartzea lortu zuten.
Zaisa Txingudiren hamabostekoa Aritz Rodriguezek, Xabi Sanchezek, Jon Sanchezek, Jenö Kocsisek, Jon Mediavillak, Imanol Rodriguezek, Aitor Asurmendik, Juan Carlos Lorak (kapitaina), Ekain Hiribarrenek, “Lutxo” Echevarriak, Pablo Besgak, Mikel Genuak, Hodei Guerrerok, Odin Gutierrezek eta Alberto Robledak osatu zuten. Joao Costak aulkian hasi zuen partida.
14 urte azpiko taldea
Txingudi/Orereta/Baztan taldeak Hernani/Atletico San Sebastian taldearen kontra jokatu zuen larunbat goizean. Partida galdu egin zuten arren (17-12), taldeak finalerako sailkatzea lortu zuen, joaneko partidan eskuratutako 35 puntuko abantailari esker. Finala datorren larunbatean (hilak 12) jokatuko dute, Bultz Bera Beraren kontra.
16 urte azpiko taldea
Txingudi/Baztan taldeak Arrasaten jokatu zuen Euskal ligako azken faseko lehen partida, Hiruherri taldearen kontra. Lehen minututik jokoa menperatzea lortu zuten Arrasateko errugbilariek. Txingudi Errugbi Klubekoen kaltetan 40-05eko emaitzarekin bukatu zen lehia.