600 urte igaro dira ijito herriaren iritsieraren dokumentatzetik
Iberiar penintsulara iritsi zen ijito herria orain dela 600 urte. Irungo Udalak harrera egin die eta aldarrikapenerako eta ospakizunerako tartea hartu dute ijito irundarrek, eta Kera eta Kali Dor Kayiko elkarteetako kideek.

Seigarren mendeurrena bete da ijito herria Iberiar penintsulara iritsi, eta Aragoiko errege Alfonso V.enak haien iritsiera dokumentatu zuenetik. Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna bada ere gaurkoa eta Irungo Udalean harrera jaso dute Irungo ijitoek. Udaletxeko balkoian ijito herriaren bandera ere zintzilikatu dute Kera eta Kale Dor Kayiko elkarteko kideek.
Gaurko eguna “harro” egoteko modukoa dela aldarrikatu du Antonio Dualek, Kale Dor Kayiko elkarteko (biharko ijitoak) kideak. Bigarren urtez segidan Irungo udaletxean hitza hartzeko aukera edukitzearekin “kontent” agertu da ere Dual.
Aurtengo urtea “berezia” dela aitortu du Dualek, 600 urte igaro direlako Iberiako penintsulara iritsi zirela, eta ordutik ijitoen kontrako 200 lege baino gehiago onartuak izan dira. “Lege horiek gaur egun ez badaude ere, aurreiritziak asko daude”, gaineratu du.
Urteetan ijitoen kontra egin duten legeak egon badira ere, oraindik hemen daudela oroitu eta aldarrikatu du Dualek, “eta gure helburu nagusia hemen egotea da; gure kultura zabaltzea eta ezagutaraztea. Hori litzateke ijito herriari bidezko tratua ematea”.
Ijitoekiko aurreiritziak aipatu ditu Dualek eta haren ustetan, “hezkuntzan, osasungintzan, etxebizitzaren alorrean” pairatzen dira aurreiritzi gehienak eta “ijitofobiagatik” dela salatu du. “Gure elkartearekin horren aurka egiten ari gara eta nahiz eta aurreiritziak oraindik hortxe dauden, pixkanaka pixkanaka euskal ijitoak aurrera egiten ari gara”, azaldu du. Azkenik, “amén sam akhama–hementxe gaude–” aldarrikatu du.
Udaleko harrera
Azalia Motos, Kera elkarteko kideak eta Antonio Dual, Kale Dor Kayiko elkarteko kideak irakurri dute apirilaren 8ko komunikatua. Beraien alboan izan dira Cristina Laborda alkatea eta Iosu Iguiñiz Gizarte Ongizateko udal ordezkaria, eta denen parean, Irungo herri ijitoaren ordezkapen zabala.
Ijito komunitateak bizi dituen aurreiritziak agerikoak direla aitortu du Labordak eta aldarrikatu du ijito bakoitza desberdina dela, “norbera bere ametsekin, bere ezberdintasunekin, bere itxaropenekin, eta hobetzeko gogoarekin”.
Ijito guztiak berdin irakurriko ez balira, gizarte moduan “aurrera” egingo genukeela uste du Irungo alkateak eta udalak eskertu egin du udalean gaur ijito irundarrek edukitako presentzia. “Irundar guztien etxea da hau eta gaurko egun berezi honetan bereziki dituzue ateak irekita; Irungo komunitatea osatzen duten kolektibo askotariko bat zarete”, adierazi du.
Bestalde, integrazioaren alde egin duten lana aitortu dio udaletxean egon diren ijito irundarrei Iguiñiz udal ordezkariak.
Komunikatua
Aitortzekin jarraituz, Azalia Motosek ekin dio komunikatua irakurtzeari, eta duela 600 urteko iritsieraren aitortza, “adeitasun” eta “zintzotasun” keinua izan zela gogoratu du. 1425eko urtarrilaren 12an agindu zuen mugarri historiko honen dokumentazioa Espainiako Alfonso V. erregeak eta hari esker Galiziako Konpostelako Santiagora erromes joan ahal izan zuten. Horri esker, jende berria eta lur berriak ezagutu zituztela nabarmendu du Motosek.
Dena den, denbora pasa dela ordutik deitoratu dute gaurko komunikatuarekin. Izan ere, azken sei mendeetan “sufritu” egin dutela salatu dute era askotako debekuak medio: “Gogoan dut pentsatzeko askatasuna geneukanean, nahi genuen gisan jantzi ahal ginenean edo lan egiteko hainbat forma genituenean. Gogoan dut zuen jaietan emanaldiak egiten genituenean eta jaiak girotzen genituenean gure zirku emanaldiekin, edota zumearekin artisau lanak egiten genituenean”.
Armadarentzako zaldiak ferratzeko jakintza ekarri zuten ijitoek eta ordura arte arte hori penintsulan ezjakina zela kontatu du Antonio Dualek. Zaldiekiko jakintza zabaltzea, nekazaritzari “ekarpen garrantzitsua” egin ziola azaldu dute. Baina, Aragoiko Alfonso V. erregea zendu zenean, haren “zintzotasunak” bilakaera eduki eta “areriotasun” eta “injustizia” bilakatu ziren. “Askatasuna jazarpena bilakatu zen”, deitoratu dute.
Ijitoen “arima, hizkuntza, identitatea eta herria” kendu zieten garai hartan. Bien bitartean, haien janzkera hartu zuten zapaltzaileek eta emakume espainolaren irudia irudikatzeko baliatu zuten. “Gure emakumeek erabiltzen zituzten arropak hartu zituzten eta gure emakumeei, aldiz, bizitza kendu ahal zieten haien janzkera erabiltzeagatik”.
Zapalkuntza honek iraun badu, hainbat erantzulerengatik izan dela argi dute komunikatua irakurri duten Dualek eta Motosek eta Espainiako hainbat errege eta diktadore seinalatu dituzte: “Errege Katolikoak, Felipe IV; Felipe V; Fernando VI; Karlos III; Ensenadako Markesa; Francisco Franco eta beste hainbat, haiek ezarritako gorrotoa ereiten aritu direnak”.
Irakurketaren amaieran, etorkizun hobea amesten dutela azaldu dute Kera eta Kali Dor Kayiko elkarteetako bi kideek, “eta egunero argitzen dugu, gizarte hau bidezkoagoa, berdintasunezkoagoa eta guztiontzat aukeraz betea izan dadin”. Azken aldarria, “osasuna eta askatasuna”.