Udal egutegiko 2026ko gaia, Irungo txoko ez turistikoak
Dagoeneko bidal daitezke argazkiak, urriaren 30 arte. Aurten, gainera, postalak sortuko dituzte argazki irabazleekin.

Udaberria hasi berri den arren, Irungo Udalak hiriko Argazki Elkartearkin batera, hurrengo urteko egutegia ilustratzeko argazki lehiaketa martxan jarri duela jakinarazi du. Aurtengo leloa, Irun, postalekua da eta asmoa irundarrek bakarrik ezagutzen dituzten txokoak jasotzea da, erakargune turistikoetatik at.
Hiritarrak Irungo “enbaxadore” bilakatzea nahi du udalak eta Irunen izaera erakutsi dezatela. Hainbat txokoren ereduak jarri dituzte: Gazteluzar; Pierre Lotiko pasarela berria; Aitzondo ur jauzia; Oiassoko termak edo Luis Marianoko lorategiak.
Parte hartzaile bakoitzak bost irudi bidal ditzake gehienez eta horretarako epea urriaren 30an bukatuko da. Irungo Udalaren orrialdera sartu behar da argazkiak bidaltzeko eta guztira hamahiru argazki hautatuko dituzte; hilabete bakoitzeko bat eta azala ilustratuko duena. Irungo Argazki Elkarteak osatuko du epaimahaia.
Postalak
Argazki irabazleak udal egutegirako erabiltzeaz gain, haiekin postalak sortuko dituzte. Horiek abenduan alkateak egiten duen egutegi banaketan banatuko dira ere. Guztira, 11.000 ale inprimatuko dituzte.