VI. Muxiko Eguna antolatu dute iganderako
Hilaren 13an goizeko 11:15ean elkartuko dira muxikoak Damarri plazan. Lau trikitilari taldez lagunduta egun osoko dantzaldi festa egingo dute.

Igande honetan Hondarribiko VI. Muxiko Eguna izango da, nahiz eta antolatzaileentzat, Lagun Artean elkartearentzat, 12. edizioa izango den. 2014an Irunen antolatu zuten lehen Muxiko Eguna, Urdanibia hotelean. Ondoren, Hondarribian egiten hasi ziren eta hiru urtez Beko-Errotan egin izan zuten. 2018tik aurrera, baina, Hondarribiko Udalaren laguntza jaso dute eta ordutik ibiltaria bihurtu da.
Hilaren 13an goizeko 11:15ean elkartuko dira muxikoak Damarri plazan. Bertan, aurkezpen dantza bat egin eta 11:30ean, Kale Nagusian barrena, Arma Plazarantz abiatuko dira. Lau trikitilari taldez lagunduta (Auntxa Trikitixa Eskola, Maltzeta taldea, Oinkada eta Hondarribiko Erraldoien trikitilariak) egingo dute bidea.
Santa Maria arkua igarotakoan Hondarribiko Erraldoiek bat egingo dute euskal herri osotik etorriko diren dantzariekin, eta elkarrekin Arma Plazara helduko dira. Plazan Oinkada taldea batuko zaie eta 12:00etatik 13:15ak arte dantzan arituko dira. Ordu horretan erraldoiek erakustaldi bat egin eta San Pedro kalera jaitsiko dira.
San Pedro kalean pote batzuk hartzeko tartea izango dute eta 14:00etan kiroldegira helduko dira. Talde argazkia egin eta Sarayola Catering enpresak antolatutako bazkaria dastatuko dute. Bazkalostean Oinkada taldearen erritmora dantzatuko dute eta arratsaldean, 19:30ak arte, Holako taldearekin.
Eguraldi txarra egin ezkero Soroetako frontoira lekualdatuko dute egun osoko egitaraua.
Azkenik, Lagun Artean elkarteak, Zumardikoak elkartearen, Ortzi Alonsoren, Maddi Cartonen eta Goio Uriarteren laguntza eskertu du, eta aurten, bereziki, “Joserra” [Jose Ramon Mutuberria] gogoan izango dutela adierazi dute.