Solas Jolas udalekuetan jantokia eskaintzea eta plaza kopurua handitzea eskatu du Podemosek
Behar bereziak dituzten haurrentzako plaza kopurua 30koa da eta dagoeneko 82 eskakizun egin dira. Bestalde, haurren guraso eta tutore gehienek jantoki zerbitzua erabiliko zutela jakinarazi zuten.

Solas Jolas udal udaleku irekietara bideratutako kreditua handitzeko eskaria egin du Podemos Irun alderdiak. Hain zuzen, behar bereziak dituzten haurren plaza kopurua handitzea da partida ekonomiko hau handitzeko eskariaren arrazoia.
Izan ere, aurten 82 haurrek eskatu dute plaza hau eta 30 plaza dira udalak behar bereziak dituztenentzat gordetzen dituenak. “Iaz, hamasei haur geratu ziren Solas Jolas udalekuetatik kanpo eta dirudienez, aurten, haur gehiago izango dira udal udaleku irekietatik kanpo geratuko direnak”, ohartarazi dute.
Haurrik kanpoan gera ez dadin, aurrekontua 87.000 eurorekin handitzea eskatu du koalizio moreak. Udal gobernuari antzeko eskakizun bat egin zioten iaz, baina 150.000 euroko handitzea zen galdegin zutena. Orduan, udal gobernuak “ezin zela egin” erantzun izana salatu du Podemosek, gerora argitu baitute Solas Jolas programarako sinatutako kontratuak 87.737 euroko moldaketa onartzen duela.
Udal gobernua udal aurrekontuaren kreditu aldaketa negoziatzen ari da garai honetan, eta aldaketa horretan Solas Jolaserako kreditu aldaketa hau jasotzea nahi du Podemosek.
Horrez gain, udalak oraindik ez du zehaztu Solas Jolas udalekuetan zenbat plaza eskainiko dituzten. Hilaren 28an argitaratuko dute udaleku irekietan parte hartzeko onartu dituzten haurren behin behingo zerrenda. “Euskara arloa oraintxe ari da aztertzen zein izango den plaza kopuruaren eskaintza eta, orduan, udal gobernuari eskatzen diogu haien aurreikuspenean jaso dezatela aldaketa hau” adierazi dute. Gastua zerbitzua bukatzean exekutatzen delako aldaketa egin daitekeela azaldu dute.
Jangela Solas Jolasen
Bestalde, Solas Jolas udalekuak gauzatzeko kontratua bi urtekoa da, 2025ean bukatu delarik eta urtebeteko luzapena egin daitekeelarik. Kontratuaren luzapena egungo baldintzetan sinatu beharrean, bestelako baldintzak aztertzeko eskaera ere egingo diote udal gobernuari.
Zehazki, jantokiaren zerbitzua eskaintzea kontratuaren parte izatea da eskatuko dutena. Solas Jolas, 13:00etan bukatzen da, eta iaz parte hartu zuten haurren guraso eta tutoreei egindako barne galdeketa batean, guraso gehienek jangela zerbitzua eskainiz gero, erabiliko zuketela adierazi zuten.
“Egungo udaleku irekien proposamenak ez du benetako soluziorik ematen kontziliazioaren alorrean. Beraz, hurrengo lizitazioa idazten denean jantokiaren proposamena aztertzeko eskatu nahi dugu”, azaldu dute.