Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna, kalean nahiz udaletxean
Udaletxean bandera jarriko dute eta komunikatua ere irakurriko dute. Etzi (hilak 9), berriz, hitzaldia eskainiko du Kera elkarteak Emakume ijitoak: iragana, oraina eta geroa.

Bihar, hilak 8, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute eta Kera eta Kale Dor Kayiko elkarteek eguneko komunikatuaren irakurketa egingo dute Irungo Udalean, 11:00etan.
Iaz, urte askoren ondoren, udaletxeko balkoian herri ijitoaren bandera jarri zen eta aurten ere keinu hori errepikatu egingo da. Arratsaldean, berriz, kalera joango dira, tailer ludikoak antolatu baitituzte, 17:00etatik aurrera.
Eguna ez da asteartera mugatuko, eta asteazkenean (hilak 9), Emakumeen Etxean hitzordua finkatu dute eta Emakume ijitoak: iragana, oraina eta geroa hitzaldi-tailerra eskainiko du Kera elkarteak. Ijito herriaren historia eta tradizioak izango dituzte hizpide, eta haien borroka eta aurrerapenak, haien egungo erronka eta helburuak eta haien etorkizuna izango dituzte mintzagai.
Hausnarketarako tartea ere zabalduko dute, eta xedea, parte hartzaileek kulturarteko bizikidetza “errespetuzkoa” eta “inklusiboa” izatea bermatu beharra izango dute ildo. Saioa doakoa da eta 18:30ean hasiko da eta 20:30ean bukatu. Haurtzaindegi zerbitzua egongo da, hala behar duenarentzat.