Euskaraldia hauspotzeko, toka txapelketa
Kasino Zaharrean egin dute Euskaraldia aurkezteko eta izena emateko 4. topaketa. Euskara erdigunean jartzeaz gain, tokan ere aritu dira bertaratu direnak.

Auzoz auzo dabil Euskaraldia eta aste honetan Alde Zaharraren txanda izan da. Kasino Zaharrean egin dute Euskaraldia zer den herritarrei azaltzeko eta zuzenean izena emateko aukera ematen duen 4. topaketa. Gaurkoa, gainera, egun berezia izan da, euskara erdigunean jartzeaz gain, tokan ere aritu direlako.
Eguerdiko 12:00etan hasi dute toka txapelketa eta 20 lagun aritu dira lehian. Bakoitzak hiru txanda izan ditu ahalik eta puntu gehien lortzeko. Gazteek, helduek eta nagusiek elkarrekin igaro dute goiza, eta bertaratu diren lagun eta herrikideen artean, elkar auspotuz, giro ezin hobea sortu dute. Antonio Amondarainek irabazi du txapelketa, bigarren Jose Antonio Almirante izan da eta hirugarren Iker de la Linde.
Norbanakoez gain, Emeki elkarteko taldetxo batek ere eman du izena txapelketan. Tokarekiko zaletasuna elkarbanatzen dute eta ostiraletan elkartu ohi direla azaldu du Miren Intxaustik. Zenbait lagunekin batera, elkarrekin praktikatzeko geratzen dira Kasino Zaharrean bertan, goizeko 10:30ean. “Euskaraldiak toka txapelketa antolatu duelako etorri naiz. Izugarri gustatzen zait tokan aritzea” baieztatu du Intxaustik. Lehenengo aldia da txapelketa batean Emeki elkarteko talde bezala parte hartzen dutena, baina azkena izango ez dela ziurtatu du, datorren pazko astean Guadalupen antolatzen den egun osoko festan ere arituko direlako.
Aldi berean, haurren eta helduen txokoak antolatu dituzte ere. Gaztetxoek xaxatzaile txapak egin eta Euskaraldirako kartelak margotu dituzte, eta helduek saskian zeuden galderak irakurri eta beren hausnarketak plazaratu dituzte.
Auzoz auzo
Kirol kaian, Jaitzubian eta Mendelun izan dira Euskaraldiarekin, eta, orokorrean, saio guztiak aberasgarriak izan direla azaldu du Igor Arrietak, Euskaraldiko dinamizatzaileak. “Batzuetan jende gehiago, besteetan gutxiago. Batzuetan hotz handia, besteetan euria… Denetarik izan dugu. Aberesgarria izan da eta uste dut erantzun polita lortzen ari garela. Pixkanaka-pixkanaka bai norbanakoak eta baita entitateak ere batzen doaz”.
Orain artean, ez dute zorte handirik izan eguraldiarekin, eta horregatik gaurkoa “egun berezia” izan dela adierazi du Arrietak: “Lehenengo aldiz eguraldi polita egin digu!” esan du barrez, “eta espero dut gerturatzen diren guztiek egun polita pasatzea”.







































