Abotsanitz: "Madalenako Kuboaren hitzarmenean etxebizitza publikoa maximizatzea lortu du udal gobernuak"
Madalenako Kuboko lursailean 36 etxebizitza pribatu egitea adostu du udalak, eta ordainetan, Labrederreko Atseden kalean, alokairura bideratutako 30 etxebizitza publiko lortuko ditu, "musutruk".

Atzo izandako hirigintza batzordean, udal alderdi guztiek, Madalenako Kuboaren hitzarmenaren inguruan galderak eta kezkak argitzeko tartea izan ondoren, gaur eguerdian, hitzarmen horren nondik norakoak publiko egin ditu Abotsanitzek.
Madalenako Kuboaren hitzarmena, “Montañenea bezala”, aurreko agintarietatik jasotako proiektu heredatua da. Hortaz, 2017 urtera egin behar da atzera proiektuaren lehen berriak izateko. Handik hiru urtera, 2020an, EAJk osatzen zuen udal gobernuak Madalenako Kuboan eta 3 Javier Ugarte 9an, 34 etxebizitza pribatu eraikitzeari onespena eman zion. Eta horren ordez, 1,48 milioi euroko konpentsazioa jaso behar zuen udalak.
Abotsanitzek azaldu duenez, hirilurraren araudia aplikatuta, etxebizitza horien %40ak publikoak beharko lukete izan, eta %60ak pribatua. Eta beraz, “teorian”, 12 etxebizitza publiko eta 22 etxebizitza libre eraikitzea zegokiela. Baina, egungo udal gobernuak, “etxebizitzaren larrialdiari aurre egiteko”, formula berri bat bilatu nahi izan du: “Etxebizitza publikoa maximizatzeko, ahalik eta gehien egitea, ahalik eta azkarren. Hondarribian bizitzea eskubidea izateko eta ez luxu”.
Jarduketa berezia
Basakoko luxuzko promozioak [200 etxebizitzatik gora egitea zegoen aurreikusita] egingo ez direla kontuan hartuta, etxebizitza pribatuen eraikigarritasuna “zertxobait” igo egin dela azaldu dute, eta horrek, eraikigarritasun librera bideratutako etxebizitzak banandu behar izatea ekarri duela, “HAPOk jasotzen zuen etxebizitza libre eta babestuen kopurua mantentzeko”.
Kasu honetan, udal gobernuak, bi aukera zituen: 12 etxebizitza publiko jaso edo etorkizunean etxebizitza publikoak eraikitzeko 1,48 milioi euroko konpentsazioa jaso. Bigarrena aukerak prozesua asko luzatzen zuela ikusita; “izan ere, iraganean ikusi izan dugu, horrela, etxebizitza pribatuak berehala eraiki eta etxebizitza publikoak bigarren maila batean geratu eta eraikitzeko prozesua asko luzatzen zela”, lehenari heltzea erabaki zuten.
Baina jarduketa berezi baten bidez, eta Basakoko luxuzko promozioak egingo ez direla baliatuz, azkenean, Madalenako Kuboko lursailean 36 etxebizitza pribatu egitea adostu dute, eta ordainetan, Labrederreko Atseden kalean, alokairura bideratutako 30 etxebizitza publiko lortuko ditu udalak “musutruk”. Labrederreko etxebizitza blokeak 3,5 milioi euroko kostua izango dute, eta horiek etxebizitza pribatuak baino lehenago, edo, beranduenik, aldi berean amaitzea jaso dute hitzarmenean.
Labrederreko blokean, beraz, 50 etxebizitza libretik gora lortuko ditu udalak, eta aurrera negoziatuko dituzten hitzarmenetan, “etxebizitza publikoen handitze nabarmen bat” negoziatzea espero dutela adierazi dute. Horietan “zerotik” negoziatu beharko dute.
Espazio berri bat
Javier Ugarte 9an, eraikin oso bat lortuko du udalak. Eraikina, gainera, azpiegitura dotazionalera bideratuta egongo dela azaldu dute: “Herritarren Arreta Zerbitzua joan daiteke bertan, adibidez”. Espazio horrek milioi bat eurotik gorako kostua du, baina udalak 312.000 eurorengatik lortu duela jakinarazi dute.