Bihotz geldialdietan biziraupena handitzeko sarea
Herriko osasun ekosistema indartzeko hamar desfibriladore ezarri ditu udalak: Mendelun, Sokoan, Hondartzan, Guadalupen, Portuan, Arraun elkartean, udaletxean, Zuloaga Etxean, Arma Plazan, eta Kai berrian.

Hondarribia herri kardio babestua izan dadin proiektu soziosanitario bat abiatu du Hondarribiko Udalak, Previtek enpresaren ekimenez. Proiektu horretan Brexen Cardio enpresaren laguntza ezinbestekoa izan da, haiek sortu baitituzte herrian zehar ezarri dituzten 10 desfibriladoreak. Mendelun, Sokoan, Hondartzan, Guadalupen, Portuan, Arraun elkartean, udaletxean, Zuloaga Etxean, Arma plazan, eta Kai berrian daude.
Bihotz-biriken gelditze baten aurrean, bihotza berrabiatzeko aparailua da desfibriladorea. Bihotzaren taupada arritmikoa gelditu egiten du, ondoren, berriz ere berpiztu eta erritmo arrunta lortzeko. Hura erabiltzea erraza dela ziurtatu du Argi Osak, Brexen Cardioko Cardiobabes aholkulariak, osasun arlotik kanpo dauden pertsonentzat diseinatuta dagoelako.
Desfibriladorearen tapa irekitzerakoan automatikoki pizten da, eta denbora guztian, mezu batzuen bidez, jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren azaltzen du. «Lehenik eta behin 112 zenbakira (larrialdietara) deitu beharko dugu. Ondoren, desfibriladoreak dituen elektrodoak biktimaren bularrean kokatu eta aparailuak elektrokardiogramaren analisia egingo du, erritmo desfibrilagarria den ala ez erabakitzeko». Gomendagarria bada gailuak deskarga ematen uzten duela azaldu du Osak, bestela ez.
Orain arte, zenbait udal instalaziotan soilik zeuden desfibriladoreak, eta horien ordutegiaren arabera erabil zitezkeen, beraz. Hortaz, aparailuak uneoro erabilgarri izateko, bost berri ezarri eta lehengo bost kalera atera dituzte.
Osak berretsi du desfibriladoreak agindutako pausoak ondo betetzeak asko handitzen duela bihotz geldialdia izan duen pertsonaren biziraupen probabilitatea: «Bihotz geldialdi bat jasaten ari den pertsona bat artatu ahal izateko sei minutu eskas ditugu. Hamargarren minututik aurrera ia ez dago zereginik». Zenbait herritarrek, beraz, ardura puntu bat sentitu dezaketen arren, beren helburua ez dela «erreskatatzaile super formatuak» lortzea zehaztu du. «Ardura izan dezakete, baina ez da beren ardura pertsona hori bizirik ateratzea, lagundu behar dute posible den heinean».
Herritarren babes sarea
Bihotz-biriken geldialdien krisiak daudenean, osasun arloko errekurtsoak heldu arte eta sostengu gisa, komunitate bat sortzea da proiektu honen helburua udalaren arabera, 100 pertsonako sare batekin. Atzo egin zuten horiek lehenengo formazio saioa, Previtek enpresaren eskutik.
Sarekoek aplikazio baten laguntza izango dute. Alde batetik, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan instalatuta dauden desfibriladoreen kokapena eta informazioen mapa ikustea ahalbidetzen du. Bestetik, geldialdien abisua ematen du. «’200 metrotara geldialdi kardiobaskular bat gertatzen ari da. Bertara hurbildu zaitezke?’, galdetuko die app-ak. Hala bada, mapa bat zabalduko zaie, eta desfibriladorea dagoen tokia ikusi ahalko da, anbulantzia heldu bitartean ahal dena egiteko».