Apo lasterkaria ikusteko bisita egingo dute gaur
Hondarribiko Udaleko Ingurumen sailak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera antolatutako irteera da. Espeziearen bilakaera historikoa, orain artean egindako ikerketak, eta etorkizunera begira eman beharreko pausoez hitz egingo dute.

Aurten 20 urte beteko dira Aranzadi Zientzia Elkarteak Apo lasterkaria (Epidalea calamita) ikertzen hasi zenetik. Urtero urtero, anfibioaren datuak jasotzen eta haren kontserbaziorako lanak egiten aritu dira.
Urteurrena ospatzeko, gaur arratsaldean, Hondarribiko Udaleko Ingurumen sailak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera apo lasterkaria ikusteko gaueko irteera antolatu dute. 20:00etatik aurrera Ion Garin Barrio, Aranzadiko Herpetologia Saileko aditua, gidari lanak egiten arituko da. Bidasoko Ospitaleko aparkaleku nagusian hasiko da ibilaldia.
Aranzadiren arabera udaberrian, “gau epelak euri egunekin nahasten diren unean”, hasten da apo lasterkaria ugaltzen. Aurten, martxoan begiztatu dituzte lehendabiziko erruteak, Hondarribian eta Irunen, eta horregatik pozik agertu dira elkarteko kideak: “horrek erakusten digu, oraindik ere badela apo lasterkaririk Txingudiko lurretan”. Galzorian dagoen anfibioa da eta gero eta zailagoa dela hura ikustea esan dute, gizakiak bere bizitokian egin dituen eraldaketa eta urbanizazio prozesuek izan duten eraginagatik.
Apo lasterkaria jatorri mediterraneokoa da, eta beraz, ez da oso ohikoa kostaldeko eremuetan ikustea. “Areatzak maite dituen espezie honek, jatorriz bere biziraupenerako horren egokiak ez diren guneetan egin behar izan du aurrera azken urteetan. Egun bizi den azken gune horiek ere arriskuan dira jada, urbanizazio geldiezinaren eta hori bera sortzen ari den habitat galeraren ondorioz”.
Gaur arratsaldeko bisitan espeziearen bilakaera historikoa, orain artean egindako ikerketak, eta etorkizunera begira eman beharreko pausoak izango dituzte hizpide.