Irungo gaztelekuetan, erabiltzaile kopuru historikoa
Irungo 15.000 gazte baino gehiagok erabili zituzten bi gaztelekuak. Erreferente bilakatu dira bi espazioak udalaren ustetan.

Irungo bi udal gaztelekuen balantzea egin dute eta datuak nabarmen egin dute gora “kopuru historikoa” eginez. Aurten, 15.000 nerabek erabili zituzten instalazio hauek, 2023koa baino 5.000 aldiz gehiago.
Kopuru hauen irakurketa egin du Sandra Caballero Gazteria ordezkariak eta uste du gaztelekuak dinamizatzeko egindako apustua “oso egokia” dela. “Ezinbestean, balantzea oso ona da, gaztelekuak hiriko gazteen erabateko erreferentzia bilakatu direla ikusten baitugu”, gaineratu du Caballerok.
Espazio hauek “gozatzeko” eta “dibertitzeko” tokiak direla azaldu du ordezkariak eta bertan nerabeak elkarren arteko harremanak egiten dituztela. “Pertsonaren garapenerako oinarrizko balioak ikasteko tokia da, hala nola, elkartasuna, berdintasuna eta talde lana”.
Erabiltzaile kopuruaren hazkundearen arrazoia bilatzen aritu dira eta ziur dira “askotariko programa” osatzeko apustuagatik izan dela. Egitarau hau nerabeek diseinatutakoa izaten da. Bestalde, nerabezaroko berezko interes eta kezkei erantzuteko erreferentziazko laguntza eskaintzen dutela gogoratu dute.
Datuak
Nerabe gehien gerturatu diren hilabetean maiatza eta ekaina izan dira. Aurten, gainera, 15 eta 18 urteko erabiltzaile kopurua sobera handiagoa izan zen 2023koa baino, nerabeek orduan 876 aldiz erabili baitzuten, eta, iaz, 1.924 aldiz. Martindozeneara 15 eta 18 urte bitarteko 7.421 gazte gerturatu ziren 2024an; Artiako gaztelekura, berriz, 1.924 nerabe.
Jarduerei dagokienez, Artiako txokoan proposatutakoei 6.000 gaztek erantzun zioten. Gazteleku berri hau irekitzeak Gazteria sailaren xede nagusi bati erantzun diola azaldu du Caballero ordezkariak: Irungo Haur eta Nerabeen I. Planaren esparruan hartutako konpromisoarekin jarraitzea. Guztira 5.910 nerabe ibili dira Artiako gunean.
Bi ekipamenduak asteartetik larunbatera daude zabalik: asteartetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara, eta, ostiral eta larunbatetan 17:00etatik 21:00etara. 15 eta 18 urte arteko nerabeentzako espazioa, berriz, ostiral eta larunbatetan irekitzen dute soilik, 17:00etatik 21:00etara. Aste Santuan eta udan, ordutegia berezia da.