Hondarribia 10k lasterketaren laugarren edizioa bueltan da
Izena emateko epea zabalik dago. Ibilbide laua denez oso lasterketa azkarra izaten da eta aurten, gainera, Euskadiko Txapelketa izango da ere.

Hilaren 27an Hondarribian 10k lasterketaren laugarren edizioa egingo dute. Aurtengo lasterketa, gainera, berezia izango da, aldi berean Euskadiko txapelketa izango delako. Ibilbide laua denez oso zirkuitu azkarra izaten da Hondarribia lasterketa. Goizeko 09:30ean hasi eta ordu erdi igaro baina lehenago bueltan izaten dira lehen parte hartzaileak. Antolatzaileek azaldu dutenez, ordu horretan egitearen arrazoia trafikoan ahalik eta eragin murritzena izatea da.
Lasterketa Minatera kaletik irteten da eta Portutik barrena aireportuko errepidera heltzen da eta handik Amutera. Kosta kaletik Santa Engraziara helduko dira lasterkariak eta Sabin Arana kalera egingo dute ondoren, bertatik erdigunera iritsi arte. Ramon Iribarren kaletik igaro eta Kai Berriraino joango dira eta lasterketa kai muturrean bukatuko dute.
Lasterketa homologatua dela gogorarazi dute antolatzaileek, beraz, horrek esan nahi du denborak ofizialak izango direla. Aurreratu dutenez maila handiko jendeak eman du izena honezkero, eta beraz “ikuskizuna ziurtatuta dago”. Dena den, lasterketa popularra ere badela gaineratu dute, eta beraz, korrikalari orori zuzenduta dagoela.
Izena emateko epea zabalik dago Kirol Probbak-en webgunean.