Energia berriztagarria sortuko du Txingudiko Zerbitzuak-ek
2024ko uztailean hasi zituen Txinzerrek Errandoneako ur biltegia berritzeko lanak. Azpiegitura berrietan bi mikroturbina ezarriko dituzte, energia berriztagarria sortzeko. Autosufiziente izatera heltzea da helburua.

Errandoneako ur biltegia azpiegitura estrategikoa da hondarribiarrentzat. Endarako urtegitik nagusiki, baina baita Domikoko urtegitik zein Jaizkibel inguruan dauden iturburu eta putzuetatik jasotako urekin ere [Irungo araztegitik igaro ondoren] Hondarribia edateko urez hornitzen du ur biltegi horrek. 1970eko hamarkadan eraiki zuten, eta 50 urteren ondoren hura berritzen ari dira, eta ez edonola, «politika jasangarriak aplikatuz» eta «autosufizientzia» bilatuz. Hori adierazi dute gaur eguerdian egindako prentsaurrekoan.
2024ko uztailean hasi zituzten ur biltegia berritzeko lanak. Azpiegitura zaharra eraitsi eta hormigoi armatuko biltegi berri bat eraikiko dute. Biltegi berriak, gainera, berezitasun bat izango du: bi mikroturbina hidrauliko instalatuko dituzte. Horien bidez, sare elektrikoarekiko mendekotasuna murriztu eta energia kontsumoa optimizatzea lortuko dute. Hala, Txingudiko Zerbitzuak-ek (Txinzer) ustiapen kostuak kontrolatzeko eta ur tarifak egonkortzeko aukera izango du.
Lanak ekainean amaituta izatea espero du Leire Zubiturrek, Txinzerreko zuzendariak.
Honakoak ez dira Txingudiko Zerbitzuak-ek ezartzen dituen lehen mikroturbinak. Iparragirre beheko deposituan ezarri zuten lehena, 2019an. Esperientzia horri esker ikusi zuten mikroturbina horiek kontsumo elektrikoa murrizteko eta ur baliabideak hobeto aprobetxatzeko ahalmena zutela. 2024an, erakundeak, 4.410 MWh energia berriztagarri sortu zuen: horietatik 1.260 MWh autokontsumorako izan ziren, eta 3.146MW sare orokorrera esportatu zituzten.
Mikroturbinen funtzionamendua
Mikroturbina bakoitzak 9 kilowatteko energia sortuko du, eta Elordiko EUTP ur horniduratik depositurainoko bidean dagoen desnibel naturalari esker, deposituko uraren presioa elektrizitate bihurtzea lortuko dute. Sortutako energia, batez ere, biltegiaren autokontsumorako erabiliko dute, eta soberakoa sare orokorrera injektatu ahal izango dute, kontsumo elektrikoa murrizten lagunduz.
Lan horiek egiteko bi milioi eurotik gorako inbertsioa egin dute.