Plazaratu dute Emakumeen Eguneko programazioa
Herriko emakume taldeek eta mugimendu feministek hainbat proposamen ondu dituzte. Udala ere presente dago hiriko programazioan.

Emakumeen Eguneko egitarauak aurkezteko asmoz, Irungo Udalean elkartu dira hiriko eragile feministak eta emakume taldeak Cristina Laborda alkatearekin eta Maite Cortina Berdintasun ordezkariarekin batera. Alkateak adierazi du oinarrizkoa dela elkarteen lana, bestela berdintasuna lortzeko helburua ez zela beteko uste baitu. “Alde batean erakundeak baldin badaude eta bestean kolektiboak, elkarteak eta mugimendu feministak ez genuke lortuko. Batasunak indarra sortzen du”, zehaztu du.
Cortina ordezkariak nabarmendu du aurten ondutako programazioa emakumeen ahalduntzea erakusteko “osoa, zabala eta parte hartzailea” dela azaldu du. Berdintasunerako politikak “garrantzitsuak” direla esan du. Hilabete osoa iraungo du programak eta adin guztietarako izango dela esan du.
Maribel Castello Emakumeen Etxea elkarteko kideak hartu du hitza jarraian eta aurtengo martxoak 8a egungo “testuinguru aldakorrean” iritsiko dela uste du. “Batasun” eta “kontzientzia” gehiago pizteko eguna izango dela aldarrikatu du.
Elkarretaratzera dei egin du udalak martxoaren 8rako eta 12:00etan izango da San Juan plazan. Leloa, egunero izan beharko litzateke M8 da. Arratsaldean, berriz, M8 Asanblada Feministak antolatutako manifestazioa egingo da. Urtero lez, bi zutabe irtengo dira Hondarribitik eta Urruñatik eta Irunen batzeko aukera Etorbidearen zubian (18:30ean); Gernikako Arbolan (18:45ean); Zabaltza plazan (19:00etan); eta San Juan plazan (19:30ean) izango da.
Programazioa
Emakumeen Etxean zinema feminista zikloa prestatu dute udalak eta Emakumeen Etxeko elkarteak. Emanaldiak martxoko ostegunetan egingo dira, Mendibil Merkataritza guneko OCine aretoetan, eta Nerea Almazanek aurkezle lanak egin eta ondorengo mahai inguruak dinamizatuko ditu.
- Indarkeriaren oi(h)artzunak. Martxoak 6, 19:00etan, Ander Iriarte zuzendariarekin.
- Nina. Martxoak 13, 18:00etan, Ainara Perez aktorearekin.
- Soy Nevenka. Martxoak 20, 18:00etan, Guadalupe Balaguer produkzio zuzendariarekin.
- Los destellos. Martxoak 27, 18:00etan, Eider Rodriguez idazlearekin.
Gainontzeko eragileek antolatutako programazioa Irungo Udalaren orrialdean topa daiteke.