Udal langileek euren lan baldintzen "gainbehera etengabea" salatu dute
Elkarretaratzea egin dute udaletxearen parean. ELA sindikatua: "Udalhitz-en espiritua berreskuratu behar da, herri honetako errealitatea kontuan hartuz"

Udal langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean udaletxearen parean. Otsaileko udalbatzarra ari ziren egiten hautetsiak, eta hori medio udal ordezkarien aurrean protesta egin dute: udal langileen lan baldintzak “gainbehera etengabean” daudela salatu dute. Irunen elkarretaratzea egiteko beste arrazoia izan da, ELA sindikatuak jakinarazi duenez, udalerria EUDELeko (Euskadiko Udalen Elkartea) batzorde exekutiboan dagoelako. “Bizi dugun kapitalismo bortitzak gure gizartearen desberdintasun sozialak areagotzen ditu. Desberdintasun horiek lausotzeko ezinbesteko zerbitzu publikoak indartzea eta kontrapisua egitea. Eta gure ustez zerbitzu publikoak indartu beharrean zerbitzu publikoen kalitatea okertzen ari da. Pandemiak agerian utzi ditu narriadura horren ondorioak”, adierazi dute langileek.
Zerbitzu publikoen okertze horrek langileengan, eta haiek ematen duten zerbitzuan eragina izan duela esan dute ELAko kideek. “Ezinezkoa da herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea langile publikoen lan baldintza egokirik gabe. Euren baldintzen okertzea zer-nolakoa izan den jakinarazteko, horien zerrenda egin dute:
- “Langileen eros-ahalmenaren galera % 19 ingurukoa da”.
- “Pribatizazioari bidea irekiz, behin behinekotasun oso altua. %41 udal esparruan. Europa eta estatuko altuena”.
- “Lan kargak handitzen ari dira etengabe”.
- “Langile publikoaren lan osasuna ere arriskuan dago”.
- “Euskaraz lan egiteko eskubidea ez da bermatzen eta azken hilabeteetako sententziek ez digute etorkizun oparorik aurreikusten”.
- “Lan baldintzetako gainbehera honek emakumeetan duen eragina handiagoa da gizonezkoetan baino: behin-behinekotasuna handiagoa da emakumeetan, lanaldi partzialak orokortuago daude emakumezkoak gehiengo diren sektore edota kolektiboetan”.
Hori horrela, Udalhitz hitzarmena (udal langileen hitzarmena) berritzeko proposamena landu eta bidali zien langileei EUDELek. Hori betetzeko eskatu die ELAk bai udalerrien elkargoari, bai eta tokian tokiko udalei. Honako irizpideak kontuan har daitezela eskatu dute beharginek. Jarraian, haiek esandakoak, hitzez hitz:
- “Langile publikoen lan baldintzak hemen, gure esparruan, erabakitzeko borondate argia erakustea eta bide horretan erabaki zehatzak har ditzatela. Udalhitz-en espiritua berreskuratzea, marko estatalaren gainetik, herri honetako errealitatea kontutan hartuz udal langileen lan baldintzen marko bat egitea”.
- “Aurretiazko premisa bezala EUDELek balizko negoziaketa horrek ekarri dezakeen akordioa udal guztietan gutxieneko bezala aplikatzeko konpromisoa hartzea. Beti ere, udal desberdinetan dauden negoziaketa eta akordio prozesuak errespetatuz eta inolaz ere zapuztuz, baldintza hobeak dauden udaletan baldintza hobeak errespetatuz”.
- “Aurrekoaz gain, negoziaketa berrirako oinarria 2008-2010ean adostutako Udalhitz izatea”.
- “Negoziazio horretatik adostutako akordioa etorkizunean betetzeko eta defendatzeko konpromiso argia erakustea. Eta azkenik gehiengoen joku demokratikoa onartzea.Hau lortu arte borrokatzen jarraituko dugu!”.