Hiru txapelketetan izango dira BATeko atletak
Guztira 11 atleta arituko dira lehian asteburu honetan, hainbat diziplinatan eta Espainia mailan.

Bidasoa Atletiko Taldeak hiru txapelketatan hartuko du parte asteburu honetan: Pista Estaliko 18 Urtez Azpiko Espainiako Txapelketa; Luzera Jaurtiketen Neguko Espainiako Txapelketa; eta Espainiako Master Txapelketa. Guztira BATeko 11 atleta irtengo dira pistara hainbat diziplinetan eta proba guztiak RFEAren orrialdearen bidez jarraitzeko aukera egongo da.
18 urtez azpiko Pista Estaliko 18 Urtez Azpiko Espainiako Txapelketa Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatuko da bihar eta martxoaren 2an. Bertara sei atleta joango dira, gutxieneko markari esker klasifikatuta egotea lortu ondoren.
Bidasoko atleta hauek egongo dira bertan: Alai Cabello (800 metro); Lukas Cabezon (3.000 metro); Jon Gajate (60 metro hesiak); Markel Garrancho (400 metro); Imanol Ibarbia (pertika jauzia); eta Julen Mendoza (1.500 metro). Tamalez, Naia Llorentek ezingo du parte hartu, lesio batengatik.
Txapelketa honetan harrobiaren lana erakutsiko dutela ziur da kluba, diziplina ezberdinetako kideak bertaratuko baitira. Gainera, oraingo honetan Boga Tecnica enpresa irundarraren babesa jaso dute atletek, kategoria hau bultzatzeko erabakia hartu dutelako.
Aldiz, Jaurtiketa Luzeen Neguko Espainiako Txapelketara lau atleta gerturatuko dira eta gaur hasi dute lehia Castellon (Herrialde Katalanak). Igandean bukatuko dute txapelketa honako atleta hauek: Marta Mancebo (xabalina); Bruno Cagigos (disko jaurtiketa); Alejandro Esteban (xabalina jaurtiketa); eta Lissette Arreaga (mailu jaurtiketa).
Espainiako Master Txapelketa Antequeran (Espainia) jokatuko da gaurtik martxoaren 2ra bitartean. Kasu honetan, BATek bi atleten ordezkaritza izango du Malagako herrian: Imanol Gil (60 eta 200 metrotan); eta Susana Ruiz (200, 400 eta 800 metrotan).