Irungo Auzoen Plana aurkeztu du auzo elkarteen federazioak
Auzo elkarteen federazioak ko-gobernantza eredua sakontzeko eskaria egin dio udalari. Txostenean auzo bakoitzeko datu sozio ekonomikoak eta auzo bakoitzeko behar eta erronka nagusiak jaso dituzte.

Irungo auzo elkarteen federazioak Irungo Auzoen Plana idatzi dute eta gaurko osoko bilkuran hitza hartu dute udalbatzari horren berri emateko. Bidasoko Trantsizio Ekosozialerako behatokiaren laguntza izan dute plana idazteko eta helburua, Irun hiria auzoetatik “pentsatu” eta “diseinatzea” da.
Irunen hamazazpi auzo daude eta San Migel, Katea, Elitxu eta Larreaundi-Olaberriako auzo elkarteek auzo planak garatuta dituzte. Gipuzkoan horrelako plan gehien dituen udalerria da Irun eta plan horietan espazio publikoak, ekipamenduak, mugikortasun eredua, zaintza eta trantsizio energetikoa auzotik hausnartzeko eta auzora egokitutako proposamenak bildu dituzte.
Izan ere, auzo elkarteen federazioak argi du Irun auzoez osatutako hiria dela eta hiri hau “hausnartu” eta “diseinatzerakoan” auzoetatik abiatu behar direla. Trantsizio ekosozialak planteatzen dituen erronkei begira “are gehiago” lan egin behar dela auzoetatik nabarmendu dute.
Halaber, auzoak beharrezkotzat jo dute eguneroko zerbitzuak, ekipamenduak eta espazio publikoak auzoetan egotea, “mugikortasun eredu xahutzaile bati alternatibak eskaintzeko eta baita jendartearen zaintza beharrak modu demokratiko eta komunitarioan antolatzeko”, zehaztu dute.
Irungo Auzoen Planean auzoetan oinarritzen den hiri eredua “ezinbestekoa” dela defendatu dute. Txosten honetan auzo bakoitzaren datu sozio ekonomikoak bildu dituzte eta auzo elkarteetako kideen parte hartzeari esker, auzo bakoitzeko behar eta erronka nagusiak jaso dituzte, hala nola, espazio publiko, ekipamendu, zerbitzu eta jasangarritasunari buruzkoak.
Horrez gain, barruti proposamen bat landu dute hiriaren “deszentralizaziorako beharrezkoak” diren ekipamendu eta zerbitzuak adieraziz. Gaur aurkeztu duten lana Irungo hiria “auzoetatik pentsatu eta diseinatzeko” lehen pausoa dela azaldu dute eta udalbatzari eskatu diote gaur aurkeztutako ildoa hartzeko konpromisoa har dezaten.
Partaidetza sustatzeko “benetako konpromisoa” galdegin diote udalari eta horretarako ko-gobernantza ereduan sakontzea nahi du auzoen federazioak. Haien esanetan, udaleko alderdi politiko eta teknikariek auzoetako eragileekin batera eraiki behar dute etorkizuneko hiria eta hura osatzen duten auzoak. Plana udalbatzako ordezkari guztiei emateko eskaria eginez bukatu dute hitzartzea.