Altxa Burua iritsi da Irunera, eta saretzen hasi dira eskolak
Irungo lau ikastetxetan Altxa Burua taldeak sortu dituzte, haur eta nerabeek egiten duten teknologiaren erabilpenagatik kezkatuta. Eskola bakoitzean taldearen xedeak finkatzen ari dira baina denen helburua da Irun mailan saretzea.

Iazko abenduan Altxa Burua Gipuzkoari dei egin zioten Irungo hainbat eskolatako zenbait gurasok, «teknologiarekiko kezka» adieraziz. Hala azaldu du Nerea Gomez Pombar Toki Alai ikastetxeko guraso elkarteko kideak. Lehen pausoa Helduak, teknologia eta seme-alabak hitzaldia antolatzea izan zen Arbesko Toki Alairen eskolan. Altxa Burua Irun saretzen hasteko hazia erein zuten orduan, eta teknologiaren erabilerari buruz «begiak irekitzeko» balio izan ziela aitortu du hara bertaratu zen Ainara Perez Txingudi ikastolako gurasoak. Izan ere, Altxa Buruaren orrialdean «informazio asko» dago Gomezen ustez, eta hori nola baliatu asmatu nahian dabiltza gurasoak. Gaur egun lau ikastetxetan sortu dituzte Altxa Burua taldeak: Eguzkitza, La Salle, Toki Alai eta Txingudi. Elatzetak ere interesa adierazi du sarearekin bat egiteko.
Abendutik hona eskola bakoitzak bere kabuz eman ditu aurrerapausoak, zentro bakoitzeko guraso elkarteen errealitatea ezberdina baita. Perezek nabarmendu du «boluntarioak» direla, ahal dutenean elkartzen direla, eta eskola bakoitza puntu ezberdin batean dagoela.
Guraso bakoitzaren seme-alabak adin ezberdinekoak badira ere, haien kezka nagusia gazteen teknologiaren erabilera dela adierazi du Perezek. «Bideoak nori bidaltzen dizkioten, ea norbaiti iseka egiten dioten… Arlo horiek dira gehien beldurtzen nautenak, heldutasun faltarekin harremana izan dezaketelako», azaldu du. Iñigo Aragon Txingudiko gurasoak duen galderetako bat da ea kontzientzia sortuta ere, umeek teknologia eta sare sozialak «ondo erabiltzea» lortuko ote duten. Sareetan haur eta nerabeek dituzten ereduak ere jarri ditu jomugan Aragonek. Miren Gonzalez, Eguzkitzako gurasoa: «Interneten helduak manipulatzen baldin badituzte, imajinatu ume edo gazte bati zer gerta dakiokeen».
Saretzeko, baliabideak behar
Altxa Burua mugimenduari lotuta, Tolosako taldea izan dute eredu. Bertan haur eta nerabeek sakelako telefonoa edukitzeko adina atzeratzeko asmoz, herriko hainbat merkatarik Altxa Buruak bultzatutako kanpaina batekin egin dute bat. Horren bitartez haurrek dei bat egiteko beharra badute, merkatariek dendetako telefonoak uzten diete. Itsasgarri batekin bereizi dituzte egitasmoarekin bat egin duten merkatariak. Irunera hori ekartzea gustatuko litzaieke lau gurasoei, baina Irun hiri bat da, eta Tolosarekin alderatuta beste testuinguru bat du. Hargatik, nabarmendu dute txindurri lanaren beharra, eskolaz eskola eta auzoz auzo.
Ondoren, Irungo Udalarekin elkarlana hasi behar dela uste dute lau gurasoek, «Tolosakoa bezalako kanpaina bat abiatzeko edota hitzaldiak antolatzeko dirua behar baita». Udalera begira jarri aurretik hiriko eskolak elkartzea ezinbesteko dela adierazi du Perezek: «Bakoitzaren beharrak ezberdinak badira ere, kezka berberak ditugu, eta zenbat eta eskola gehiago izan udalarengana joaterakoan, hobe».