Zerbitzuko tasen prezioak ezarri ditu udalak
Lau tarte zehaztu dituzte tasen kobrantza berriak egiteko. Udal zerbitzu hauek aurkezten joango diren heinean, tarifa berriak azalduko dituzte.

Udal zerbitzu batzuen tasen sistema berria adostu zuten EH Bilduk eta PSE-EEk eta akordioaren arabera, hiritarrek ordaindu beharreko tasak diru sarreren eta ondarearen arabera egingo dira. Gaur udal zerbitzu horiei aplikatuko zaien prezio publikoak ezarri dituztela jakinarazi du Cristina Laborda alkateak. Gogoratu beharra dago tasen igoera %3,9ko izango dela ere.
Sistema progresiboa honako tasa eta prezio publikoetan aplikatuko dute: AbenturaEro, udal udalekuak, haurtxokoak, Solas Jolas, udal kontserbatorioa, Eskola Kirola, udal pintura akademian eta udal zeramika akademian.
Programa bakoitza aurkezten joango diren heinean, programa bakoitzaren tasen berri emango dute, zerbitzu bakoitzarena ezberdina izango baita bata bestearekiko. Zerbitzu hauen kostuaren kopuru bat diru laguntza bidez ordaintzen da eta beste kopurua erabiltzaileek ordaintzen dute. Bestalde, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duenak hobariak jasotzen jarraituko luke.
Zehaztu dituzten lau tarteak hauek dira:
- 1. tartea, 15.120 eurotik beherako errenta: tarifaren %5 ordaintzen du.
- 2. tartea, 22.188 eurotik beherako errenta: tarifaren %35 ordaintzen du.
- 3. tartea, 29.096 eurotik beherako errenta: tarifaren %75 ordaintzen du.
- 4. tartea, 29.096 eurotik gorako errenta: tarifaren %100 ordaintzen du.
Prezioen ordenantza azaltzeko Solas Jolaseko prezioak jarri ditu eredu alkateak. Horren arabera, haur bakoitzarengatik ordaindu beharrekoa 75,85 euro ziren aurreko tasa sistemarekin eta diru sarrerak kontutan hartuta eta 1. tartean sartzen den familia bati erreparatuta, tarifaren %5a ordaindu beharko du. Alegia, haur bakoitzeko 5 euro ordainduko luke.