Inauterietan hamaika jarduera egingo dira Hondarribian
Gaurtik astelehenera bitarte herriko entitate ezberdinek inauteriei begirako ekintzak antolatu dituzte. Ikus egitaraua.

Herriko entitate ezberdinek antolatuta, inauteriei begirako egitarau zabala izango da herrian. Dagoeneko irekita dago Arma Plazan inauterietako kartel erakusketa, eta martxoaren 3ra arte izango da horiek ikusteko aukera. Gaur arratsaldean, berriz, Musika eta Dantza Eskolak ikasleen inauterietako kalejira antolatu du. 17:30ean irtengo dira eskolatik eta Alde Zaharrean zehar kalejira egingo dute.
Bihar (ostirala) bi hitzordu izango dira. Batetik, 19:00etan Santa Maria Madalena plazan Hondarribiko Hiria Musika Bandak inauterietako kontzertua emango du. Eguraldi txarra egingo balitz Itsas Etxera lekualdatuko litzateke. Eta bestetik, Hondarribiko Olinpiadetako bosgarren jardunaldia egingo dute. Gipuzkoa plazan, 20:00etatik aurrera, parodiak egingo dituzte.
Larunbatean (martxoak 1) goiz goizetik gauera bitarte hamaika jarduera izango dira herrian. Goizeko 10:00etan Jaizkibel kanping-etik abiatuko dira Emeki elkartak antolatutako mairuak. 11:30ean Abiyuan Txarangak herriko kaleak girotuko ditu. 12:00etatik 12:30era Arkolla auzoko gazteen karroza San Pedro kalean barna ibiliko da eta ondoren, 14:30etik aurrera herri bazkariko tiketak erosi dituztenak bazkari herrikoiaz gozatuko dute. Sarrerak oraindik salgai daudela gogoratu dute udaletik. Horiek Ttoparan eta Etxeberria tabernan eskuratu daitezke [Gaur da hori egiteko azken eguna].
Arratsaldean 16:30etik 22:00etara Arkollako gazteen karroza Arma Plazara igoko da eta musikarekin bazkal ostekoak girotuko dituzte. 18:00etatik 20:00ak bitarte Peña Poteo txaranga batuko zaie.Eta azkenik, 22:30etik 01:00ak arte Jawata Anti DJ-aren animazioa izango da karpan bertan.
Martxoaren 2an (igandea), Hondarribiko txistu taldeak alborada egingo du Alde Zaharrean eta Portuan. Ondoren, inauterietako desfilearen txanda izango da. Partaide guztiak Arma Plazatik abiatuko dira goizeko 10:30ean. Ohiko bidea egingo dute: Arma Plazatik Minasoroeta kalera jaitsi eta Sabin Arana kaletik Zuloaga kalera helduko dira. Biribilgunera iristerakoan San Pedro kalera sartuko dira. Azkenik, arratsaldeko 18:00ean Anodino Teatroaren ‘Mamuak ezagutzera joan zen umea ikuskizuna eskainiko du. Antzezlana euskaraz izango da. Sarrerak 4 euroan eskura daitezke ohiko bideetatik.
Azkenik, astelehenean (martxoak 3) inauterietako sari banaketa egingo dute. Udaletxeko areto nagusian izango da, 19:30ean.