Hegazkinen desbideratze kopurua murrizteko plana du aireportuak
Azken hilabeteetan eguraldi txarraren ondorioz desbideratutako hegaldi kopuruarekin kezkatuta agertu ziren erakundeetako ordezkariak. Hortaz eta beste hainbat kontuz hitz egiteko Hondarribiko Aireportuan egin zuten bilera.

Atzo goizean Manuel Sanchezekin, hau da, Hondarribiko Aireportuko zuzendariarekin, bildu ziren Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, Susana Garcia aldundiko Mugikortasun Iraunkorreko sailburua eta Azahara Dominguez aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua.
Abiadura handiko trenaren iritsierak aireportuari ekarriko dizkion erronkez, dibertsifikatzearen garrantziaz edo hegaldi pribatuek irekitzen duten merkatuez aritu ziren hizketan, eta baita aireportuak diseinatu berri duen Egnos satelite bidezko nabigazioan oinarritutako maniobraz ere. Izan ere, azken hilabeteetan eguraldi txarraren ondorioz hegaldi asko desbideratu behar izan dituzte, eta hori ekiditeko sortu dute Egnos maniobra.
“Maniobra horiek GPS seinalearen prestazioak areagotzen dituzte eta, behe-hodeien sabaia dagoenean, desbideratze kopurua murriztea ahalbidetuko dute, konpainiek beren aireontziei satelite horien seinaleak jasotzeko beharrezko ekipamendua eman ahala” zehaztu dute.
Gipuzkoako enpresek zein turistek beren beharrei erantzungo dien “erreferentziazko” aireportu bat izan dezaten lanean jarraituko dutela esanez amaitu zuten adierazpen erronda.