Harrera Sareak elkartasuna adierazi dio Magrebeko komunitateari
Irunen agertutako pintaketa arrazisten harira elkartasuna adierazi diote komunitate magrebtarrari, Adiskidetuak elkarteari eta auzoari.

Aste honetan hainbat pintaketa arrazista agertu dira Irunen eta Irungo Harrera Sareak (IHS) elkartasuna adierazi die pintaketa horiek mehatxatutako Magrebeko komunitateari. Palmera Montero gunean egindako pintaketek Adiskidetuak elkartearen jardunari ere eraso diote eta elkarteari eta auzoari berari “babesa” erakutsi diote ere.
Uranzu kalean eta Palmera Montero gunean egin berri diren pintaketa hauek, baina, ez dira Irunen egindako eraso faxista bakarrak eta iazko abendutik egiten ari direla mahai gaineratu du IHSk. Hala, eraso horiek pertsona arrazializatuak ez ezik, “kolektiboen askatasunen alde” lan egiten dutenak dituztela jomugan salatu dute eta horietako batzuk aipatu dituzte: “etorkinak eta errefuxiatuak, LGTBIAQ+ pertsonak, Lakaxita gaztetxea , IHS eta Adiskidetuak”.
Mundu globalean “askatasuna” eta “pertsona ahulduak” erdigunean jartzen ari direla ere salatu dute, “klase herrikoiaren eta ertainen eskubideak gutxitzearen” erruduntzat joz. “Ez da bertan bilatu behar kolektiboen ezinegonaren erantzuleak”, azaldu dute.
Aitzitik, pertsona guztien ongizate sozialaren eta ongizate komunitarioaren mehatxua “gizartea prekarizatzen duen sistema ekonomikotik” datorrela uste du IHSk. Era berean, hezkuntzaren kalitatea, gehien behar dutenentzako etxebizitzarako sarbidea eta osasunerako eskubide unibertsala lehenesten ez duten gobernuak seinalatu dituzte. “Kontu hauek guztiak ez dituzte mehatxatutako kolektiboek sortzen”.
Pertsona zaurgarriak gero eta gehiago direla ohartarazi du Harrera Sareak eta horiek ez direla mehatxua berretsi. Kolektibo hau gehiengo sozialaren eskubideek “nola eboluzionatzen” duten begiratzeko “ispilua” direla nabarmendu dute. Bide horretan, beste kolektibo jazarrien aurkako indarkeriak uste dute ez dituela konponduko gizartea prekarizatzen duten eguneroko arazoak. “Eraso horiek ez dute etxebizitza merkatzen, ez dituzte alokairuak eta erosketa zerrendaren prezioak jaisten, ez dituzte soldatak igo eta gazteentzako lan baldintzak duintzen eta ez dituzte osasun publikoko itxarote zerrendak konpontzen”, zehaztu dute.
Azkenik, Irungo eta Bidasoko gizarteak “argi eta garbi” erakutsi duela esan dute “pertsona guztientzako elkartasunean eta errespetuan” sinesten duela, “jatorria, generoa edo sexualitatea” edozein dela ere. Aipatutako norabide horretan lanean jarraitzeko eta elkarbizitzaren eta eskubideen aurka doazen jarrerekiko kritiko izateko deia egin dute.