Erretiro aktiboa jorratuko dute hitzaldi batean
Bizitza profesionaletik erretirorako hainbat aholku emango dituzte, hala nola, osasunari edota fiskalitateari buruzkoak. Martxoaren 6an izango da saioa.

Erretirorako trantsizioak pertsonei eragiten diena gertutik ezagutzeko hitzaldi bat antolatu du Irungo Udalak eta martxoaren 6an izango da Palmera Monteron, 18:00etan. Erretiroa, bizitza asmo berri bat izena du saioak eta Graciela Imazek eta Luis Molinak eskainiko dute, Secot Gipuzkoako boluntarioek, hain zuzen.
Bereziki erretiroa hartzeko gertu daudenei edota bizitza profesionaletik erretirora igaro direnei zuzendutako hitzaldia izango da, eta osasunari eta fiskalitateari buruzko aholkuak emango dituzte. Horrez gain, bertaratzen direnek gizarte gaietan eta borondatezko ekintzetan parte hartzera animatuko dituzte, erretiro aktiboa lortzeko helburuz.