PSE-EE: "Montañeneako planak ez du babestutako etxebizitzen legezko erreserba betetzen"
Udal gobernuak proposatutakoak Montañeneako sustatzaileari bakarrik egiten diola mesede adierazi dute, eta beraz, Hondarribiko PSE-EEk ez duela Montañeneako hitzarmena onartuko.

Hondarribiko PSE-EEk gogor kritikatu du Abotsanitzek Montañenearako iragarri duen plana. Esan dutenez, egitasmoak ez du “etxebizitza babestuen legezko erreserba betetzen”.
2017an EAJk osatzen zuen gobernuak 4.320 m2 dituen Montañenea eremuan etxebizitza libreak eraikitzeko plana ondu zuen. Oposizioak horri “gogor” erantzun ziola gogoratu dute, diotenez eremu urbanizagarri bakoitzeko etxebizitza berrien %75ak etxebizitza babestua izan behar duelako.
Zentzu horretan, udal gobernu talde berriak “azkenean” legea beteko zuela uste zuten sozialistek, baina Abotsanitzek iragarri duenez, Montañenean eraikitzea aurreikusi diren etxebizitzen %33a izango da babestua. “Gainera, etxebizitza librea handitu egin da, 2017ko HAPOrekin alderatuta 4.320 m2 eraikigarri izatetik 5.000 m2 izatera igaro baita” esan dute.
Hortaz, harrituta agertu dira sozialistak, eta ez dute justifikaziorik aurkitzen. “Gobernuak argudiatu du horrela mantentzen dela prezioa 2020an erreserbak egin zituzten 22 erosleren kasuan, baina ez du zerikusirik interes orokorrarekin”.
Aldi berean, legeak etxebizitza babestuaren zati bat eremu batetik bestera transferitzeko aukera ematen duela gogorarazi dute ere, baina herritarrek ez zutela mekanismo hori onartu parte hartze saio guztietan. “Udalak transferentzia bat proposatu du berriro Montañenearentzat, eta ez doikuntza edo hamartar batzuengatik, ez, % 75etik % 33ra jaitsi da. Hauek al dira gauzak aldatzera zetozenak?” galdegin dute.
Udal gobernuak proposatutakoak Montañeneako sustatzaileari bakarrik egiten diola mesede adierazi dute, eta beraz, Hondarribiko PSE-EEk ez duela Montañeneako hitzarmena onartuko.