Iratxe Sorzabalek bizitako torturei "erantzun feminista" emateko deialdia
Bilgune Feministak "sexu tortura politikoari erantzun feminista" emateko agerraldia egingo du Hernanin, martxoaren 5ean.

Iratxe Sorzabal preso politiko irundarra bihar eta etzi eta martxoan epaituko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean eta berriro ere 2003an tortura pean egindako adierazpenak hartuko dituzte aintzat. Aurreko larunbatean elkarretaratzea egin zuten preso politiko irundarraren absoluzioa eskatzera, torturak salatzera, eta konponbidea eta absoluzioa eskatzera.
Euskal Herriko Bilgune Feministak ere ez da isilik geratu eta martxoaren 5erako egin du deia Hernaniko Kultuarteko Plaza Feministan, 18:00etan. Hainbat euskal emakume militantek jasan dituzten torturak salatuko dituzte eta biktima hauei dagokien aitortza politikoa emateko eta elkartasuna adierazteko ere baliatuko dute agerraldia. “Iratxe, ez zaude bakarrik, sinisten eta babesten zaitugu! Sexu tortura politikoari erantzun feminista!”, bukatu dute.