Hondarribiko hezkuntza publikoko langileak, grebara
Biteri eraikinaren kanpokaldean bildu dira grebalariak. Hezkuntza Sailari eta Eusko Jaurlaritzari lan baldintzak hobetzea eskatu diete.

Hondarribiko hezkuntza publikoko langileak ELA, LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuek deitutako grebara batu dira. Talaia eskolako Biteri eraikinaren kanpoan egin dute elkarretaratzea, 08:50ean, azaldu dutenez bertara joaten baitira guraso gehien. Horiei beren lan baldintzen egoeraz ohartarazi nahi izan diete; “izan ere, gure lanean ikasleen garapen integralerako gure onena ematen dugu, eta horretan ahalegintzen gara egunerokoan. Gure lan baldintzen hobekuntzak zuzenean eragiten die ikasleei”.
Finean, lan baldintzak hobetzea eskatzen dute langileek. Batetik, lan zama eta burokrazia kopuruak arintzeko neurriak hartzea beharrezkoa dela adierazi dute, “bestela ez dugulako klaseak prestatzeko denborarik”. Ikasle orok arreta pertsonalizatua behar duela sinesten dutela gaineratu dute, baina haur kopuruarekin ezinezkoa zaiela denengana iristea. Hori dela eta, ratioak jaistea beharrezkoa dela esan dute.
Hortaz gain, hezkuntza premia bereziko beharrak hazten ari direla nabarmendu dute ere, baina baliabideak murrizten ari direnez ezinezkoa zaiela horri guztiari erantzutea.
Mediku azterketa gehiago egitea ere bada beren eskakizunetako bat: “Gure eskolan 17 urtetan mediku azterketa bakarra pasa da. Osasuna lehen mailako premia dela sinesten dugu eta hau aldatzeko beharra mahaigaineratzen dugu”. Era berean, ordezko eta interinoak diren irakasleen kopurua oso altua dela ziurtatu dute, baina iragan urtetik urte osoan lanean egon ondoren abuztua kotizatu eta puntuatzeko eskubidea ukatzen zaiela deitoratu dute.
Bestalde, finkatu gabeko plaza kopuru “izugarriak” ikusita irakasleen egonkortze prozesua indartzea eskatu dute eta erretiroari dagokionean Eusko Jaurlaritzak 60 urterekin eskaintzen dituen murrizketak 63 urterekin ere bermatu dezatela. Azkenik, “10 urtetik hona” irakasleek eros ahalmenaren %20a galdu dutela jakinarazi dute, eta hori gutxi balitz, inbertsioak digitalizazioan eta enpresa pribatuetan egiten ari direla salatu dute: “Hezkuntza publikoa ere desegiten ari dira, dirua enpresa nahiz zentro kontzertatuetara bidaliz. Aski da!”.
Honen guztiaren erantzule Hezkuntza Saila eta Eusko Jaurlaritza direla baieztatu dute, eta eskatutako neurriak hartzeko bihar ere greba egingo dute.