"Mendekuak ez dakar bakerik, alderantziz"
Iratxe Sorzabal preso politiko irundarraren absoluzioa eskatzera eta torturak salatzera irten dira kalera gaur dozenaka eta dozenaka herritar.

Iratxe Sorzabal preso politiko irundarraren absoluzioa eskatzera eta torturak salatzera irten dira kalera gaur dozenaka eta dozenaka herritar. Datorren astean berriz epaituko du Sorzabal Espainiako Auzitegi Nazionalak: Hilaren 27 eta 28 bitartean eta martxoaren 17tik 18ra.
“Berriz ere, Iratxek, aurre egin beharko dio sekula guztiz sendatu ez den zaurian ziztada berriak bizitzeari. Berriz ere, torturaren errealitate gordina bere gorputzaren barrenetik sentitu eta zauriak enegarren aldiz irekitzeari” esan dute Bidasoaldeko Iratxeren Lagunak taldeak eta Sare Bidasoak deitu duten elkarretaratzean.
Minduta elkartu dira Irungo San Juan Plazan. Iratxe etxera! dioen pankarta baten atzean. Gogoratu dute Sorzabal 2001eko martxoaren 30ean atxilotu zuela Guardia Zibilak Hernanin, eta haien esku pasatu zituen bost egun “luze” haietan “bortizki” torturatu zutela. Ondoren, epaileak, irundarraren salaketei “entzungor” egin ziela adierazi dute, eta Soto del Real espetxera bidali zutela.
Datozen asteetan berriz epaituko dute, eta aldi honetan ere haren aurkako froga bakarra komisarian torturapean egindako autoinkulpazioa izango dela deitoratu dute. Azaldu dutenez, une horretan, espetxe frantses batean zegoen, eta “defentsak hala eskatuta eta fiskaltzaren onarpenarekin, Iratxeri Istanbuleko protokoloa aplikatu zioten”. Auzi medikua frantsesak, gainera, Sorzabalen kontakizunak “sinesgarritasun osoa” zuela eta torturen ondorioz “estres post-traumatikoa” zuela adierazi zuen.
Aldi honetan, Madrilgo Auzitegi Nazonalean epaituko dute irundarra, eta bertan, torturapean lortutako autoinkulpazioetan oinarritutako zigor berri bat ezar diezaioke.
Testuinguru berria
Epaiketa berria Euskal Herriko Torturatuen Sarea publiko egin den testuinguruan egingo dela adierazi dute ondoren, “dagoeneko euskal jendartean gero eta onartuagoa dagoen baieztapenaren baitan, hau da, Espainiako Estatuak tortura sistematikoki erabili izan duela hamarkada luze hauetan tresna politiko gisa”. Hortaz, honek guztiak, Espainiako Estatuak “mendeku politikoa” erabiltzen jarraitzen duela adierazten duela esan dute, “gatazka politikoa konpontzeko inolako prestutasunik gabe”.
“Mendekuak ez dakar bakerik. Alderantziz, Euskal Herriarentzat bake eta elkarbizitza demokratikoan oinarritutako agertoki berri bat nahi badugu, preso politikoen auziari irtenbidea ematea premiazkoa da. Horregatik ez du inolako zentzurik kartzelan euskal preso politikoak mantentzeko estrategiarekin jarraitzea”. Beraz, “espetxeak husteko, preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herria errealitatea bihurtu eta gatazkari aterabide politiko eta demokratikoa aurkitzeko” garaia dela esan dute ozen.
Bukatzeko, besarkada handi bat bidali diete Iratxe Sorzabali, haren senideei, eta baita “herri honetan” torturatuak izan diren lagun senide eta pertsona guztiei ere.