Txingudiko Plan Bereziarekin aurrera egin dezatela eskatzeko batu dira Irun eta Hondarribiako jeltzaleak
Irun eta Hondarribiko EAJ Txingudiko Plan Bereziaren mahaian aurrera egin dezatela eskatzeko batu dira. Hondarribiko Udalak Amuteko bidegorriaren azken zatia egin dezatela eskatu dute.

Irungo eta Hondarribiko EAJk Txingudiko Plan Bereziaren mahaian aurrera egitea eskatu dute. Era berean, Hondarribako Udalak Amuteko bidegorriaren azken zatia egin dezala eskatu du. Horretarako, San Lorentzoko urmaela zaharberritu eta zabaltzea beharrezkoa da. Izan ere, Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioak lan horiek berriro lizitatzeko konpromisoa aurkeztu du eta bi herrietako EAJren eledun Gorka Alvarez eta Gonzalo Carrionek pozik hartu dute albistea, “Bidasoa eskualdeko herritarrei mesede egiten dien akordio bat bete ahal izateko”, aurrerapauso bat suposatzen baitu. Adierazpenok proiektua suspertzen duten arren, Hondarribia-Irun-Hendaia lotzen dituen bidegorriko azken zatia, Plaiaundi eta Amute artekoa, oraindik lizitatu gabe dago Espainiako Gobernuaren aldetik, eta horrek Irungo eta Hondarribiko herritarren kezka eragin du jeltzaleen arabera.
Hiru hiriak erabat lotzeko, aipatutako lanez gain, azken pasabide bat geratuko litzateke egiteko: Amuteko zubiko bidegorriraino iristeko tartea. Carrionek Hondarribiko udal gobernuari eskatu dio bere lehentasunen artean sar dezala “Mendelu eta Amute artean bidegorria batzea”. Bi auzoen arteko errepideen egungo konfigurazioaren arabera, ezin da bertan bidegorririk eraiki, eta Amutaldeko atzealdetik baino ezin da egin. Konplikazio honek proiektuan atzerapen gehiago eragin ez dezan, “udal tramitazioak Ministerioarekin batera joan beharko lukeela” uste dute jeltzaleek.
Bestalde, Irungo bozeramaileak berretsi du beharrezkoa dela kirol pistak Plaiaunditik Txenperenearako lekuz aldatzea: “Bidasoa Atletiko Taldeari eta Txingudi Errugbi Klubari bakoitzak izan ditzakeen kirol diziplina eta proiektuen araberako instalazioak eman behar dizkiegu, hirian bertan, Irunen, garatu ahal izateko”. Irungo EAJk 2018an proposatu zuen kokapen hori, eta duela gutxi akordio berri batera iritsi dira Irungo Udaleko talde politiko guztien artean. Lekualdaketak Plaiaundiko padurak berreskuratzea ekarriko du, Alvarezek gaineratu duenez, “Irunek duen eta babestu behar den biodibertsitatearen altxor handia”.