Ekialdebusen E02 linea, 2024an Gipuzkoan bidaiari gehien izan dituena
Oiartzun eta Donostia lotzen dituen Ekialdebusen linea Lurraldebus sarearen barruan erabiliena izan da 2024an, 1,6 milioi bidaiarirekin.

Atzo eman zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde antolaketa diputatuaren bidez, Lurraldebusen barruan dauden hiri eta herrien arteko lineen 2024ko bidaiarien datuak. Herrialdeko zifra orokorra da Lurraldebusen barruan dauden linea guztien artean 28,8 milioi bidaiari jaso zituztela, 2023arekiko %8,71ko igoerarekin (26,4 milioi bidaiari 2023an). Ekialdebusen (Oarsoaldeko eta Bidasoko herriarteko autobus publikoak) barruko datuak ere onak izan ziren: hamar milioi erabiltzaileko langa hautsi zen, 2023rekiko %8,1eko hazkundearekin. Ekialdebuseko (eta Lurraldebuseko) linea guztien artean erabiliena, ordea, E02a izan da (Oiartzun eta Donostia lotzen dituena), 1,6 milioi erabiltzailerekin iaz. Haren jarraian, Donibane-Donostia autobusa (E01): 1,5 milioi bidaiarik hartu zuten.
Lurraldebusen barruan, Oarsoaldeko eta Bidasoko ibilgailuek izan zituzten erabiltzaile gehien 2024an, esan bezala 10 milioi bidaiariko langa gaindituta. Bertakoen ondotik, Buruntzaldean eta Tolosan zerbitzu ematen duen TBHko autobusek 6,6ko kopurua izan zuten, eta Debagoienako autobus publiko zerbitzuek, 5,5 orotara.
Datuok baikor baloratu ditu Azahara Dominguezek. Azaldu duenez, hazkundea “zerbitzuaren emakidadun guztiek” izan dute, eta “Gipuzkoan garraio publikoaren erabilera sustatzeko egiten ari diren politikek” eragin dute. Ildo horretan, Espainiako Gobernuak bultzatutako eta tokiko administrazio publiko eskudunek osatutako hobariez gain, hainbat gaik garrantzi berezia izan dute: “Gure ildoetan zerbitzu bereziak indartzeko erabakia, eta alkateekin eta kolektibo eta herritar partikularrekin zerbitzua herritarren benetako beharretara egokitzeko egiten ari garen entzute aktiboko politikak, besteak beste”. Aldi berean, garraio publikoa sustatzeko politiketan sakontzeko konpromisoa adierazi du diputatuak, “Lurraldebusi bere historiako aurrekonturik handiena emanez 2025ean, gure zerbitzua gipuzkoarren benetako beharretara egokitu dadin, herritar guztientzat eskuragarri egon dadin eta inor bazterbidean utz ez dezagun”.
Lurraldebusen 2024ko datu guztien berri izateko, baliatu esteka hau. Beheko koadroan, Ekialdebusen linea nagusiek 2024an izandako bidaiarien kopuruen laburpena.
- E02 linea (Oiartzun-Donostia): 1,6 milioi bidaiari.
- E01 linea (Donibane-Donostia): 1,5 milioi bidaiari.
- E05 linea (Beraun-Donostia): 1,4 milioi bidaiari.
- E25 linea (Hondarribia-Irun): 1,2 bidaiari.