Kexa eta iradokizunak jasotzeko udal zerbitzuaren 2024ko jarduna aurkeztu dute
Abisu, kexa eta iradokizunak jasotzeko udal zerbitzuaren iazko jarduna aurkeztu du Irungo Udalak. Inoiz baino kexa gehiago jaso zituzten: 6.947 guztira.

Gaur, Irungo Udaleko Gobernu Irekirako eta Herritarren Arretarako ordezkari den Jon Ugartek abisu, kexa eta iradokizunak jasotzeko udal zerbitzuaren iazko jarduna aurkeztu du.
2023ko datuekin alderatuta, jaso dituzten abisuen igoera nabarmena izan dute, errekor berrira iritsiz: 2024an, guztira, 6.947 abisu jaso zituzten.
1997an zerbitzua sortu zutenetik, herritarrek udal zerbitzuen inguruko proposamenak egin ahal izan dituzte Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan, udalaren webgunean edo egoitza elektronikoan, 010 telefonora deituta edo Irun App aplikazioaren bidez. Ugartek zerbitzu hau funtsezkoa dela adierazi du, “herritarrekin zuzeneko harremanetan egoteko bide bat” delako.
Jasotako kexa eta iradokizunak aztertu ondoren, gai nagusienak bideen garbiketa, parke eta lorategiak, hiri hondakinak, Udaltzaingoa (ordenantzak) eta argiak/semaforoak direla adierazi du.
Herritarrek komentarioak helarazteko aukeratzen dituzten bideei dagokionez, telefonoa eta internet-en erabilera igo da, bi hauen artean telefonoa nagusituz.
Erabiltzaileei dagokionean, emakumeak nagusitzen zaizkie gizonei, haien kexa eta iradokizunak helarazteko orduan.
Udalak gaineratu du lehen bait lehen erantzuten saiatzen direla, baina abisuak geroz eta gehiago izanik, lan hori zaildu dela. Bataz beste, 6,36 eguneko epea behar izan zuten erantzuna emateko.