Herritik sortua, herriarentzat
Gaur arratsaldean estreinatuko dute 'Ero haiek Hondarribiko Ikastola sortu zenetik 60 urte' dokumentala. Gari Garaialde fotokazetariak ondutako lana da, Hondarribiko Udaleko Euskara Sailaren ekimenez.

Aurtengo irailean 60 urte beteko dira Hondarribiko guraso batzuen ekimenez Hondarribiko Ikastola sortu eta martxan jarri zenetik. Herritik eta herriarentzat sortutako egitasmoa izan zen, eta orain, urteurrenaren atarian, sorreraren oinarriak eta protagonisten bizipenak jasotzen dituen dokumental bat osatu dute. Hondarribiko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako egitasmoa izan da, memoria kolektiboaren eta transmisio zuzeneko tresna bat izan asmoz.
Gari Garaialde fotokazetari hondarribiarra arduratu da dokumentala osatzeaz. Garaialdek argi izan zuen hasieratik ez zuela ikerketa lan bat egin nahi, «ikusita oraindik sorreran egon ziren pertsona batzuk bizirik zeudela, bultzatzaileak batez ere, onena beraiei zergatik eta nola egin zuten kontatzeko eskatzea zela pentsatu nuen». Hala, testigantzen bitartez, Hondarribiko Ikastola sortu eta lehenengo urteak nolakoak izan ziren kontatzen du dokumentalak, 1983an Hondarribiko Ikastola Kultur Elkartea sortu eta berriro [zenbait urtetan Irunen elkartu ziren Irungo eta Hondarribiko Ikastola] Hondarribira itzuli zenera arte.
Dokumentala sortzen nondik hasi erabakitzeko haren aitari [Txingudi Ikastolako juntakidea izan zen, eta ondoren, Hondarribiko Ikastolakoa] informazio eskatu zion aurrenik, eta ondoren, Txingudi Ikastolak 25 eta 50 urte bete zituenean argitaratu zituen liburuei eta 1983-1984 urte artean Mikel Zuazabeitiak, [ikastolako irakaslea eta euskaltzalea izandakoak] idatzitako txosten bati erreparatu zien. Azken honek, ikastolaren lehen urteak dokumentatu nahi izan zituen, eta horri esker lehenengo kontaktuak egiten hasi zen.
Bi bultzatzaile (Izaskun Ugarte eta Luis Mari Elosegi), juntakide bat (Andres Muñoz), lau irakasle (Mari Jose Agirre, Ana Mari Elizazu, Mari Carmen Balerdi eta Jose Mari Joseba Sarriegi) eta bi ikasle (Mikel Mariskal eta Arantza Olaziregi) dira dokumentaleko protagonistak. Askoz ere gehiago izan zitezkeen, baina bakoitzari minutu gutxi batzuk eskaini baino, nahiago izan zuen protagonista bakoitzari bere tartea eman. Bakarka egindako elkarrizketak dira guztiak, baina dokumentalean bata bestearekin elkarrizketan jarri ditu maisuki: «Erabaki nuen saiatu nahi nuela nik ezer kontatu gabe, hau da, off ahotsik gabe bidea egiten. Kontakizun bat eraikitzerakoan beti jartzen dugu asko guregandik, baina iruditzen zitzaidan kasu honetan ez zela beharrezkoa, beraiek oso ondo kontatzen dutelako».
Garai haietan gertatutakoak oso argi gogoratzen zituzten guraso, irakasle eta ikasleek. «Ez nituen zenbait gauza kontatzera behartu nahi, edo izen batzuk botatzera, baina kontatu zuten modua niretzat perfektua izan zen. Buruan neuzkan erpin batzuk ekartzen zituzten nik galdetu gabe».
Ikastolaren sorrera
Hondarribiko Ikastola [Junkaleko Ama Birjinaren Parroki Eskola izena hartu zuena] 1965ean abiatu zen. 1965-1966 izan zen lehen ikasturtea. Martxan jarri aurretik, ordea, sukaldeko lanak egin behar izan zituzten. Izaskun Ugarte eta haren bikotekidea, eta Luis Mari Elosegi eta haren bikotekidea izan ziren, beste zenbait gurasorekin batera, «lehen txinparta» hura sortu zutenak. Pausoa emate horretan Irungo ikastolak garrantzi handia izan zuela kontatzen dute dokumentalean. «Izan ere, Irungo ikastola pare bat urte lehenago sortu zen, eta garbi aipatzen dute hura egon izan ez balitz, agian beraiek ez liratekeela ausartuko».
Guraso horiek argi zuten beren seme-alabek euskaraz ikastea nahi zutela. Beharra ikusi, eta aurrera egin zutela azaldu du Garaialdek. «Egia da lehenagotik ere euskararen alde egiten zutela, euskararekiko jarrera bat zuten, militantzia bat», gaineratu du. «Gutxika herritar gehiago ikastolara batzen joan zirela kontatzen dute, eta alde horretatik nahiko erraza izan zela bidea». Hala ere, ikastola sortzeko pertsona konkretu batzuen ezinbesteko laguntza izan zuten, horiek gabe ezinezkoa izango zen ikastola aurrera ateratzea. Dokumentalean, Don Jose apaizaren laguntza aipatzen dute, adibidez. Garai haietan [1964-1965] eliza frankista zen, eta erregimenari erabat lotuta zegoen, baina elizaren barruan pertsona konkretu batzuk topatu eta bidelagun izan zituzten. «Jose txikia edo Don Jose Gurutzearen Alabak Ikastetxeko apaiza izan zen. Hari esker lehen saioak bertan eman ahal izan zituzten». Hura izan zen ikastolak izan zuen lehen gela. Biteri zaharrean ere ibili ziren, eta ondoren, Betharramera lekualdatu ziren. Azken horretan Irungo Ikastolakoekin kointziditu zuten, «eta espazio berean zeudenez, ikastola bakarra sortzea pentsatu eta Oinarrizko Hezkuntzako Orokorreko Ikastetxea sortu zuten».
Ikastetxea legeztatzea lortu eta handik urte batzuetara, 1978an, Txingudi Ikastolara igaro ziren. «Horregatik eraiki zen eskola erdia Irungo lurretan eta erdia Hondarribiko lurretan». Txingudiren inguruan gauza asko zituen aipatzeko Garaialdek, baina dokumentalean horiek salto egitea erabaki zuen.

Hondarribiko Ikastolako lehen klaseetako bat. Bostok Photo
Zailtasunen gainetik, aurrera
Urte mugituak izan ziren, baina ikastolaren sortzaileek prozesua «oso naturala» izan zela kontatzen dute: «Behar zutela eta egin zutela aipatzen dute, baina badakit momentu batzuetan gauza gogorrak bizi izan zituztela. Gauzatxo batzuk aipatzen dituzte, baina oso azaletik bezala». Errepresio egoera batean zeudela eta tranpa batzuk egin behar izan zituztela kontatu zuten, adibidez, legeak ez zuelako ikastola baimentzen. «Gurutzearen Alabako edo Elizalde Parrokia Eskolako irakasle erlijiosoek [egungo Ama Guadalupekoa] kartilla sinatzea lortu zuten, arazo legalik ez izateko».
Zentzu horretan, kezka asko zituen Garaialdek, batez ere, errepresioaren eta beldurraren ikuspegitik. «Ez zineten zuen seme-alabek gaztelerazko maila nahikorik ez izatearen beldur?», edo, «ez zintuzten kezkatzen baldintza ezak?», galdetu zien. Guraso eta irakasleek ezetz erantzun zioten.
Hasierako urteetan irakasleek kontraturik gabe lan egiten zuten. Mari Jose Agirrek, adibidez, 16 urterekin bukatu zituen ikasketak. Izaskun Ugarteren ondoan bizi zen, eta Ugartek sortu berri zuten ikastolan irakasle izan nahi ote zuen galdetu zion. 17 urterekin hasi zen irakasten, etxeko euskararekin. 1976an izan zuen lehen nomina, eta ongi gordeta du dokumentua Agirrek. Haren harridurarako gauza hauek guztiak «gainetik» aipatu dituztela dio Garaialdek, «inork ez dio garrantzia berezirik eman. Behar bat zuten, eta horri erantzuteko gizarteko zati bat mugitu egin zela kontatzen dute, indarra horretan jarriz. Gustatu zait hori».
Gainera, protagonista guztiak hitz egiteko prest eta gogotsu agertu zirela baieztatu du fotokazetariak. «Bizitakoa enfasiarekin azaltzen dute, kontatu nahi zuten. Oso garai politak izan ziren beraientzat, eta agian orduan ez, baina gaur egun kontziente dira momentu garrantzitsua izan zela. Orain hezkuntza guztia euskaraz da Hondarribian, eta soilik beraiengatik bakarrik izan ez dela badakiten arren, aurrerapen horren parte sentitzen dira. Herrian gertatu zenaren ardura dute, eta aitortu egin behar zaie hori».
Dena dela, garai haietan, kontuan hartzen ez zituzten herritarrik ere bazela kontatu dute. Zenbaitek «ero haiek» esaten zietela kontatu zuen Ugartek grabaketan. Azalpen hura entzuterakoan berehala jakin zuen Garaialdek dokumentalaren izenburuak hori behar zuela izan.
Dokumentalaren grabaketa
Grabaketa lanak 2024ko urrian hasi eta 2025ean bukatu zituen Garaialdek. Horiek kalean, protagonisten etxeetan, eta Biteri eta Bordari eraikinetako zenbait gelatan daude grabatuta. Ikastolaren egoitzak izandako eraikinen inguruan, hau da, kalean, gehiago grabatzeko asmoa zuen arren, zenbait arazo izan zituztela aitortu du: «Zaratak entzuten ziren, eta eguraldiak batzuetan ez zuen laguntzen». Orduan, Talaiari laguntza eskatu eta berehala bertan grabatzeko baimena jaso zuten. Protagonisten etxeetan ere dezente grabatu zuten, eta era horretan, gordeta zituzten paperak, dokumentuak eta argazkiak ere grabatu ahal izan zituen.
Azken horiek oso garrantzitsuak izan dira dokumentalean, «jendeari arnasteko gune batzuk utzi zaizkiolako». Garai hartako oso irudi gutxi daude, baina galdezka-galdezka, azkenean argazki mordoa lortu zituzten. Agirrek, Ugartek edota Balerdik ere dokumentu eta argazki ugari zituzten eta horrekin guztiarekin osatu dute dokumentala.
Fotokazetariarentzat «oso polita» izan da istorio guztiak lehen pertsonan ezagutzea, azken batean haren ikastolaz ari direlako, eta haren «historiaren parte» delako. Garaialde ikastola sortu eta hamar urtera hasi zen ikastolan, 1975ean, 3 urte zituela. «Oso bertatik ezagutu nuen. Nire anaiak ni baino zaharragoak dira eta beraiek Betharram eta Txingudi ezagutu zituzten. Ni, aldiz, hasieratik Hondarribian geratu zen belaunaldi horretakoa naiz». Ikastola sortu zuten guraso horien seme gazteenak ezagutu zituen, Joseba Sarriegi soinketako irakasle izan zuen, eta Ana Mari Elizazu edo Mari Carmen Balerdi haren anaien irakasle izan ziren. «Aipatu duten gehiena niretzat ezaguna izan da».
Horrek, aldi berean, arazoak eman zizkiola onartu du, elkarrizketak egiterako unean edo dokumentuak erakusten zizkiotenean distantzia bat hartu beharrean, barruraino sartzen zelako. «Gari, leku guztietan sartzen zara!» esaten zioten, «eta egia da» kontatu du, barrez. «Dokumentalak kuriositatea, jakin nahia eta poza sorrarazi dizkit», esan du hunkituta.
Gustura jaso zituen Hondarribiko historiaren parte garrantzitsu izan diren pertsona horien guztien hitzak. Zailena, ordea, ondoren etorri zela kontatu du: «Elkarrizketak egitea ez dut esango erraza denik, beren aurrean jarri behar zarelako, baina kontatzen dizuten guztia jaso eta listo. Arazoa gero dator. Jasotako hori guztia laburtu egin behar da». Lehenik eta behin, zer sartu eta zer kendu erabaki behar izan zuen, eta ondoren, guztia nola lotu eta zer forma eman. Emaitzarekin pozik geratu da fotokazetaria. «Gustatu zait nola geratu zen. Batak bestearekin hitz egiteko aitzakia topatu nuen, eta horrek gauzak erraztu dizkit».
Gaur arratsaldean estreinatuko da dokumentala, Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan [bertaratzeko gonbidapena eskuratu behar da: Arma Plazan, Kutxabanken Interneteko sarrera zerbitzuan, edo leihatilan]. Lana erakusteko «gogoz» dela aitortu duen arren, «ardura puntu bat» ere sentitzen duela adierazi du. «Izan ere, ez da kanpotik egindako zerbait edo ezagutzen ez dudan zerbait. Mila proiektu erakutsi dizkiot jendeari, baina hemen kontatzen dudanaren parte sentitzen naiz, eta aldi berean, haren parte izan diren guztiei erakutsiko diet ere. Horrek ardura kurioso bat sortu dit».
Ereduen garrantzia
Filosofia gisa, egiten diren gauzak «kontatu eta jaso» egin behar direla sinesten du egileak. Baina horretaz harago, dokumental honek, herritik sortutako mugimendu bati merezi duen garrantzia emateko balioko duela uste du zinez. «Batez ere, gaur egun, ikastolara joaten den gazte asko ez direlako kontziente gauza asko nola sortu diren. Dokumentalean aipatzen den militantzia, inplikazioa eta gizartearen parte izate hori. Jendea ikastolaren parte sentitzen zen». Fotokazetariak, beraz, historia nola gertatu zen ezagutarazteaz gain, sinesten zuten gizarte mota hori lortzeko egindako ahaleginak gizarteratu nahiko lituzke.
Hori dela eta, gazteak badira dokumentalaren target garrantzitsu bat. Beraz, Itsas Etxean aurkezteaz gain, herriko ikastetxeetan zabaltzeko ahalegina egingo dute ere. «Batzuei iritsiko zaie, beste batzuei ez, baina uste dut dokumental polita eta arina dela». Dena den, Garaialdek argi utzi nahi izan du ez duela uste, egun zenbaitek aipatzen duten bezala, egungo gazteek ezer egiten ez dutenik, «gauzak beste modu batera» egiten dituztela uste du, baina egiteko ereduak erakustea garrantzitsua dela iritzi du, «askotan kontrakoa egiteko».