"Europari begira prestatzen ari dira datozen bi epaiketak"
Bihar elkartasuna adieraziko diote Iratxe Sorzabali San Juan plazan, 11:30ean. Herri osoari egin diote dei Sorzabalen absoluzioa eskatzera eta torturak salatzera joateko.

Espainiako Auzitegi Nazionalera eramango dute Iratxe Sorzabal, bi epaiketa egingo dizkiote han. Bata otsailean eta bestea martxoan. Hiru euroaginduren ondorio dira bi epaiketa horiek. Lehenengo epaiketa 2022an egin zuten, 24 urte eta erdiko kondena ezarri, eta Arabako Zaballako espetxean ari da irundarra kondena hori betetzen.
Berriro epaituko dute Iratxe Sorzabal. 2001ean torturapean ateratako adierazpenak aintzat hartuko dituzte, berriz ere. Amesgaizto baten errepikapena dirudi.
Imanol Arzuaga: 2001ean egindako autoinkulpazioaren harira sumarioak ireki zituzten, eta akusazio batzuk egin ziren. Akusazio horietatik sumario ezberdinak atera, eta hainbat salatan banatu zituzten. 2001ean sala horietako batek erabaki zuen Iratxe [Sorzabal] askatzea, eta 2015ean berriro atxilotu zutenean lau euroagindu eskatu zituen Espainiak, Iratxe Espainiaratzeko. Beraz, lau euroagindu dira, lau sumariotan bereizita, baina oinarri berdinarekin.
Arantxa Goñi: Gero, lau euroaginduetatik bat atzera bota zuen Frantziak. Lehenengo epaiketa jada egin zuten 2022an, eta 24 urte eta erdira kondenatu zuten. Orain, beste bi epaiketa datoz, beste bi sumariotan banatuta. Horiek hilaren 27tik 28ra eta martxoaren 17tik 18ra egingo dira, eta bai otsaileko eta bai martxoko epaiketetan epaileak ezberdinak izango dira.
Espainiak ez baditu torturak aitortzen, Europan salatuko dituzue?
Arzuaga: Abokatuak kristoren lana egiten ari direla nabarmendu nahi dugu. Epaiketa hau ahalik eta hobekien landu nahi dute, eta Europari begira daude, bai. Esperantza gutxi dago Espainiako auzitegietan eta, beraz, Europari begira prestatzen ari dira datozen bi epaiketa hauek. Orduan, baldin eta frogak nola aztertzen dituzun orain, gero, Europara begira garrantzia handia izango dute.
Goñi: Espainian, ez dugu inolako itxaropenik Iratxeren torturak aitortzeko eta absolbitzeko. Europara iristeko ahalik eta froga gehien behar ditugu, erakutsiz ez dutela ondo tratatu Espainian. Alegia, guztiz partziala izan dela auzia.
Arzuaga: Iratxeren kontrako froga bakarrak torturapean egindako adierazpenak dira, eta adierazpen horiek euskaraz egin zituen. Ondoren, itzulpena beraien modura egin zuten, eta esaten diren gauzak ez daude ondo adierazita. Gero, gainera, deklarazioen zati bat kontutan hartzen dute, eta beste zatiak ez. Ez dute aintzat hartzen zer egin dioten, eta zergatik esan zuen hori. Aitortu zuena hartzen dute kontutan bakarrik.
Goñi: Esan beharra dago ere martxoko epaiketa programatuta zegoela aspalditik, eta otsailekoa orain dela hamabost egun ezarri dutela. Bestea prestatzeko hilabete asko eduki dituzte, eta datorren astekoa prestatzeko hamabost egun izan dituzte. Hori salagarria da. Abokatuak erlojuaren kontra ari dira lanean. Oinarria berdintsua da, baina testigu guztiekin eguna hitzartzea ez da erraza. Adibidez, imajina daiteke Paco Etxeberria auzi medikuaren agenda nolakoa den.
Absoluzioa eskatzen al duzue?
Arzuaga: Oso zaila ikusten dugu, baina bai. Gogoratu behar da lehenengo epaiketaren ondoren Espainiako Auzitegi Gorenera joan behar izan genuela, eta helegitea atzera bota zutela. Hortik, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joan ginen, eta haiek berriki esan digute ez dutela tramitera onartu gure helegitea. Oraingo bi epaiketetan oso zaila izango da orain artekoaren kontrako sententziarik izatea.
Goñi: Iratxeren abokatuek susmoa daukate Espainiak euroagindu gehiago eskatuko dituela, betiere froga berdinarekin. Beste ekintza batzuk leporatu nahi dizkiote, eta horregatik susmoa dugu beste euroagindu batzuk eskatuko dituztela.
Arzuaga: Arraroa dela uste dugu, zatika egiten ari direlako. Judizialki ez dugu ulertzen zein den arrazoia.
7/2014 Legearen normatiba berriak Europako Batasuneko beste herrialdeetan betetako espetxe zigorrak batzea ahalbidetzen du. Iratxeri eragingo al dio horrek?
Arzuaga: Honi buruz Iratxerekin hitz egiteko aukera izan dut, eta oraindik ez dago argi ea berari eragingo ote dion horrek. Kontua da Espainiako justiziak, horri justizia deitzerik bada, ez duela automatikoki aplikatuko lege hori. Preso bakoitzak eskatu beharko du. Orduan, preso bakoitzak epaitua izan zen sala bakoitzari eskatu beharko dio, eta horregatik Iratxek ez du argi ea denei berdin-berdin aplikatuko zaien.
Bidasoaldeko Iratxeren Lagunak taldeak mobilizaziora deitu du biharko.
Arzuaga: Iratxeri elkartasuna adierazi nahi diogu, eta adierazi ez dagoela bakarrik. Berarekin bat egiten dugula.
Goñi: Torturaren praktika sistematikoa salatzera ere aterako gara. Ez ditugu arrazoi teoriko eta politikoak emango, lagunen elkartasuna familiari eta Iratxeri erakusteko elkartuko gara. Jendea etor dadila, eta ohar dadila auzi hau oraindik ez dela bukatu. Izan ere, berriro epailearen aurrean eseri beharrak erakusten du gauzak nola dauden. Tortura ez da iraganeko kontu bat.
Arzuaga: Ez gara antolatu deialdi hau egiteko bakarrik. Urte osoan zehar Iratxe sostengatzen dugu bisitetan eta familiarekin egoten. Gure laguntasunaren jarraipen bat da hau. Gainera, Madrilen egongo gara lagunak; Iratxe ez dugu bakarrik utziko. Ez dugu autobus bat antolatuko, baina ingurukoak bertan izango gara babesa emateko.
Babesarekin jarraituz, Irungo Udalaren babesa sentitzen dugu faltan. Giza eskubide kontu bat da Iratxerena, eta kasu honetan giza eskubideen urraketa begien bistakoa da. Iratxek, gainera, berriro tortura jasan zuen aroa gogorarazi beharko du, eta horrek bere barruak asko mugitzen ditu. Bere min guztia azaleratu beharko du, hilabete batean bitan gainera, bi epaiketetan. Nahiko gogorra egiten ari zaio hori.
Bi arnas dokumentalaren ziklo bat itxi zen iaz, eta EITBk hura proiektatzeko konpromisoa hartu zuen. Bete al dute esandakoa?
Arzuaga: Duela bi urte erosi zuen bi urteko esklusibotasuna. Batetik, Primeran plataforman igo nahi zuten eta hori bete dute. Dagoeneko 500 pertsonak baino gehiagok ikusi dute. Bestetik, gutxienez bi aldiz emitituko zutela esan zuten, eta hori ez da gertatu. Maiatzean bukatu da esklusibotasuna eta libre izango gara beste kate batzuei eskaintzeko, Hamaika Telebistari, alegia.
Nahiz eta orain dela urtebete aipatu nuen Bi arnas-en zikloa bukatu zela, prest jarraitzen dugu beste herrietara aurkezpenak egitera joateko. Pasa den astean Ordizian izan ginen, eta apirilean Parisera goaz jardunaldi batzuetara.