«Marrazkiak egiten ditut animaliak jendeari gerturatzeko»
Hilaren 11n izan zen Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna, emakume zientzialarien lana ikustarazteko eta neska gazteen artean zientzietako ikasketekiko interesa sustatzeko.

Ainhoa Lekuonak (Hondarribia, 1996) Biologia ikasketak egin zituen Salamancako Unibertsitatean. Ondoren, Zoologia masterra egin, eta egun ilustrazio zientifikoan pausoak ematen ari da. Bere proiektu propioa sortu zuen Instagramen, eta duela ezer gutxi haren ilustrazioez osatutako erakusketa bat zabaldu dute Madrilgo Unibertsitate Konplutensean.
Zerk bultzatu zintuen biologia gradua ikastera? Dudarik izan al zenuen zientzien mundura murgiltzerako orduan?
Txikitatik oso txarra izan naiz matematiketan. Horrek esaten zidan zientzietan ez nuela etorkizunik. Baina Biologia ikasten hasi ginenean gogoan dut gizakion genetika landu genuela lehenik, eta liluratuta geratu nintzen. Ez nekien genetika nolakoa zen, ez nekien gure gorputzean halako gauzak gertatzen zirenik. Ikusten ez genuen hori deskubritzeak eta ikertzeak nire arreta bereganatu zuen.
Biologia ikasi nahi nuen, baina soilik Bilbon ikas daiteke. Nire gurasoek gaizki pasa zuten 2008ko krisiaren harira, eta ezin nintzen hara joan ikastera. Kimikan sartu nintzen. Gustatzen zitzaidan, nota onak ateratzen nituen, eta Donostian zegoen. Baina argi nuen ez nuela hori nahi. Giza gorputzean gertatzen zen hori ikasi nahi nuen. Gogorik gabe eta motibaziorik gabe joaten nintzen klaseetara, eta azterketak hastean ez nuen ikasi nahi. Ez nintzen zoriontsu. Egun batean etxera iritsi eta horretan jarraitu nahi ez nuela azaldu nion amari. Zergatik egin behar dut gustatzen ez zaidan zerbait? Zoriontsu egiten ez nauen zerbait? Oso argi nuen. Urtebetez lanean ibili nintzen, eta Salamancako Unibertsitate Publikoan sartzea lortu nuen.
Klasean neska asko al zineten?
Asko ginen, mutilak baino gehiago.
Orduan, zure sektorean emakume asko zarete?
Lanean ez. Askok ikasten dugu, baina lan munduan emakume gutxi ikusi dut. Eraztuntzailea izateko, adibidez, azterketa sakon bat egin behar da eta ia ez dago emakumezkorik. Hor segurtasun falta bezalako faktoreak sartzen dira ere. Nire sentsazioa da ez garela ausartzen, ez garela huts egitera ausartzen. Gizonek, aldiz, ez dutela hainbeste beldur esango nuke. Eta lanean nagusi gizonezko gehiago izan ditut.
Ikasi bitartean bazenuen emakumezko erreferenterik?
Ez. Oraintxe hasi naiz emakumezko gehiago ezagutzen, egun lanean dabiltzanak, eta baita historian izandakoak ere. Adibidez, institutuan DNA zer zen ikasi genuenean Watsonek eta Crickek [biak gizonak] deskubritu zutela ikasi genuen. Orain badakigu Rosalind Franklin izan zela hori egin zuena. Erreferenteak izatea garrantzitsua da, eta pertsonalki animatzen nau ikusteak emakume gehiago daudela lanpostu garrantzitsuetan. Nik ere lortu dezakedala sentitzen dut.
Biologia oso gai zabala da, eta zure kasuan Zoologian espezializatu zinen.
Biologian hasi nintzen immunologiari, genetikari eta arlo horri buruz gehiago ikasteko asmoarekin. Baina graduko bigarren mailan Zoologia ikasi genuen, eta ez dakit irakaslearengatik izan zen, edo zergatik, baina berriz, liluratuta geratu nintzen. Une horretan konturatu nintzen animaliak gehiago gustatzen zitzaizkidala.
Praktikak egiteko Tarifara joan nintzen. Izan ere, Gibraltarko itsasartea oso puntu inportantea da, milaka hegazti igarotzen baitira bertatik. Migrazioa ikertzera joan nintzen, bereziki sai zuriaren kontserbazio proiektuan parte hartu nuen, eta hor sentitu nuen animaliak kontserbatzen lan egin nahi nuela, klima aldaketagatik animaliak galtzen ari direlako.
Bereziki hegaztiak interesatzen zaizkizu. Zergatik?
Tarifan bizitakoak asko markatu ninduen. Oso mentore ona izan nuen bertan: Alejando Onrubia [Biologian doktorea eta ikerlaria], eta harekin asko ikasi nuen. Gero ere, egia da hegaztiak direla talde animali bat oso ikertua izan dena, eta beraz, informazio asko dago. Oso atraktiboa eta erraza da haiei buruz ikastea.
Masterra bukatu eta ilustrazio zientifikoan murgildu zinen. Zertan datza?
Ilustrazio zientifikoa marrazkien bidez, zientziak ikertu edo deskubritu duen hori erakustea da. Zubi bat da gizakion eta zientziaren artean. Ikusten ez dugun hori guztia ulertzen laguntzen digu. Adibidez, lurraren erdigunea ezin dugu ikusi, baina badakigu bertan kapa ezberdinak daudela. Ilustrazioak hori erakutsi dezake. Edo gorputzean gertatzen den hori.
Nolatan hasi zinen honetan?
Karrerako laugarren mailan ornodunen zoologia ikasgaia izan nuen. Laborategiko orduak genituen, non animalia disekatuak ikusten genituen, eta nik marraztu egiten nituen. Gure egitekoa animalia horiek identifikatzea zen, eta konturatu nintzen horiek marraztuz gero errazago ikasten nuela. Irakasleak nire marrazkiak ikusi, eta ilustrazio zientifikoa zela esan zidan.
Ondoren, 2021ean, Argentinara joan nintzen Global Training bekarekin, eta arrano koroadunaren kontserbazio proiektuan parte hartu nuen. Oso gaizki dagoen animalia da. Leku ezberdinetara joaten ginen haren bila. Leku askotan ez genuen estaldurarik eta hegazti hura ikusi zuten galdetzeko deskribatu egin behar izaten genuen. Orduan ulertu nuen irudi batek mila hitzek baino gehiago balio zuela.
Kontserbazio proiektu askotan parte hartu duzu. Nola daramazu ikustea animalia asko galtzear daudela?
Oso gaizki. Eko-antsietate handia dut. Jendea ez da kontziente gertatzen ari denaz. Animaliak kontserbatzea, azken batean, gu kontserbatzea ere bada. Animaliak galtzen baditugu gizakion bizimodua okerrera joango da. Eta horregatik bada ere, planeta kontserbatzeko lanean hasi beharko ginateke. Ez dut esaten gauza handiak egin behar ditugunik.
Adibidez, hortzak garbitu bitartean iturria itxi behar dugu. Oraindik badago zabalik uzten duen jendea, eta gauza txiki horiek asko balio dute. Izan ere, ikusten ari gara tenperatura geroz eta altuagoa dela, eta esaten badizute hemendik hamar urtera ezingo dugula nahi dugun ur guztia edan? Hori gertatuko da.
Horretarako oso garrantzitsua da dibulgazioa. Sare sozialek zein pisu dute horretan?
Garrantzi handia dute. Ordu asko pasatzen ditugu sare sozialetan, baina uste dut garrantzitsua dela ondo aukeratzea nor jarraitzen dugun. Bakoitzak bere interesak ditu: zer eta nola erakutsi erabakitzen du. Nire kasuan marrazkiak egiten ditut animaliak jendeari gerturatzeko. Ez bakarrik ikusteko zein politak diren, baita edertasun hori galtzen ari dela ezagutarazteko ere, eta ikustarazteko gure ardura dela.
Zein aholku emango zenieke biologia ikasi nahi duten neska gazteei?
Benetan sentitzen badute hori ikasi nahi dutela, anima daitezela. Zenbat eta emakume gehiago izan orduan eta aukera gehiago izango ditugu, bidea zabaldu eta etorkizunean erreferente izango garelako.