Zaintza kooperatibaren posibilitateaz arituko da BDS Koop
Zaintzen krisiaren aurrean zaintza kooperatiba batek Irunen eduki dezakeen eraginaz arituko dira ostiralean (hilak 21) Palmera Monteron. BDS Koopek azterlan bat egin du eta haren aurkezpena egingo dute.

Zaintza krisiari aurre egiteko zaintza kooperatiben baliagarritasuna ikertu dute BDS Koop elkarteko behatokian. Horrelako egitura bat eratzeko beharrezko osagaiak zehaztu dituzte eta hirira gerturatu, hau da, Irungo baldintzekin kontrastatu dute. Orrialde honetan kontsulta daiteke egindako lanketa.
Ikerketa hau egiteko elkarlana ezinbestekoa izan dute eta horretan aritu dira EHUko Gizarte Ekonomia sailarekin eta GEZKI-rekin. Martxoan trantsizio ekosozialerako behatokia aurkeztu zuten batera eta bertan erronka ekologiko eta sozialei erantzuteko egon daitezkeen aukeren bueltako azterketan burutu eta publikatzen aritu dira.
Iazko kurtsoan hiru gai landu zituzten eta aurten horiek Bidasoko Ekonomia Sozialeko Foroetan aurkezteko asmoa daukate. Lehen aurkezpena hilaren 21ean izango da Palmera Monteron, 11:00etatik 13:00etara eta aurkezpenaren izenburua honako hau da: Zaintza kooperatibak. Irungo udalerrirako bideragarritasun plana. Hain zuzen, zaintzen krisiari aurre egiteko zaintza kooperatiba batek dituen aukeren eta baldintzen inguruan egindako ikerketaz arituko dira.
Horretarako, Amaia Arozena Ekonomia Sozialean berezitutako ekonomialaria gerturatuko da. Hurrengo saioa martxoan egingo dutela aurreratu dute eta Alejandro Mencias Polo Kooperatiboen inpaktuaz arituko da. Ondoren, apirilean Amanda Santosek Ekonomia Zirkularrak elikaduran dituen aukera eta beharrez hitz egingo du. Azkenik, maiatzean Iker Eizagirrek Ekosistema Burujabea izango du hizpide.
Saioak euskaraz izango dira eta itzulpen zerbitzua eskainiko dute gaztelaniara.