Trafiko aldaketak Bidasoko Maratoi Erdiaren eraginez
Maratoi Erdiko parte hartzaileek 10:00etan hartuko dute irteera. Trafikoa 09:45ean itxiko dute.

Igande honetan abiatuko dira Bidasoko Maratoi Erdia zein 10K lasterketak. Goizeko 09:50ean irtengo dira lehen lasterkariak. Maratoi Erdiko parte hartzaileek 10:00etan hartuko dute irteera.
Irungo Kolon pasealekutik abiatuko dira, eta eskualdetik itzuli bat egin ondoren, Urdanibia plazan helmugaratuko dira. Hondarribira Mendelu auzotik sartuko dira, Aireportuko errepidea igaro eta Molla ibilbidetik Kai Berriraino iritsiko dira. Ondoren, Ramon Iribarren pasealekutik Foru kalera igaroko dira eta Sabin Arana kaletik Irunera itzuliko dira.
Udalak jakinarazi duenez lasterketa igaroko den kaleetan (Zuloaga eta Foru kaleetan) ezin izango da aparkatu, eta bezperan bertan jarraitzen dutenak kendu egingo dituzte.
Mozketei dagokienez, Mendeluko sarrera itxita egongo da, eta beraz irteera eta sarrera GI-636 errepidetik egin beharko da, ondoren Kosta kalera sartu eta Txiplau industrialgunetik.
Igandean bertan goizeko 09:20ean irtengo da Lurgorritik Irunera doan E25 autobusa. Zerbitzua 11:30ak arte ezin izango du Foru, Itsasargi, Bernart Etxepare eta Sabin Arana kaleetako geltokietan gelditu. Soilik Santa Engrazian eta Arrokan geldituko da.
E21 lineak ere bi geltoki izango ditu: Iturri Berrin eta Santa Engrazian, eta E27ak Santa Engrazian eta Arrokan. Trafikoa 11:30etarako zabaltzea aurreikusi dute.