Ostiralean estreinatuko da Hondarribiko Ikastolari buruzko dokumentala
Arratsaldeko 19:00etan hasiko da dokumentala, Itsas Etxea Auditoriumean. Azken sarrerak geratzen dira.

Hondarribiko Ikastolaren sorrera nolakoa izan zen kontatzen duen dokumentala (‘Ero haiek’. Hondarribiko Ikastola sortu zenetik 60 urte) estreinatuko dute ostiral honetan (hilak 21). Testigantzen bidez, zenbait gurasok ikastola sortzeko ideia izan zutenetik, 1983an, Hondarribiko Ikastola zenbait urtez Irunen izan ondoren, berriro Hondarribira itzuli zen arte gertatutako guztia kontatzen duen dokumentala ondu du Gari Garaialde fotokazetariak (Bo5tok).
Ideia, ordea, Hondarribiko Udaleko Euskara Sailean sortu zen. “Gure herriko historian eta euskalgintzan mugarri izandako ikastolaren sorrera lehen eskutik jasotzea memoriari eta euskarari zor genion lanketa zen” azaldu du Garoa Lekuona zinegotziak, “baita haur hondarribiarrek euskara ikastea posible egin zuten herritar orori zor genien aitortza ere”. Hortaz, lan hau konpromiso horren emaitza dela baieztatu du.
Itsas Etxeko pantaila handian proiektatuko dute, 19:00etatik aurrera. Bertaratzeko gonbidapena izatea ezinbestekoa da. Horiek, Arma Plaza Fundazioan edota Kutxabank.es-en eskura daitezke.