Txingudiko gazteentzako mikrofonoa, Antxeta Irratian
Mugaz Gaindiko Partzuergoarekin batera, euskarazko bost podcast produzituko dituzte eskualdeko gazteek. Podcast formatuan publikatuko dituzte eta gazteen iritziak entzutea da asmoa.

Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak eta Antxeta Irratiak bost irratsaioren lehen edizioa aurkeztu dute. Gazteei begirakoa da eta erreferentziazko datetan edota ekitaldi esanguratsuen arabera hainbat gai landuko dituzte. Helburua, gazteek haien iritzia ematea da eta programa batetik bestera hari bat osatuko dute, tokikotasuna eta nazioartekotasuna aldi berean jorratzeko.
Lehen saioa hilaren 21ean egingo dute, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren harira. Kasu honetan hizkuntza baten erabilpen ohiturei, transmisioari eta erabilpena sustatzeko baliabideei buruz hitz egin dute, Bidasoko testuingurura ekarriz. Podcast formatuan plazaratuko dute, Partzuergoko orrialdean eta sare sozialetan.
Hilean behin grabatuko dituzte saioak eta besteak beste, osasun mentala, aisialdia, turismoa, kirola, boluntariotza edo hezkuntzaz arituko dira. Nuria Alzaga Partzuergoko zuzendariak azaldu du etorkizunean “bidasotar irudi komun bat elikatzeko” baliagarri izango dela “desadostasunak” ezagutzea eta “sinergiak” parekatzea.
Euskaraz hitz egingo dute parte hartzaileek, “mugaren bi aldeetako gazteek komunean duten hizkuntza baita”, zehaztu dute Partzuergotik. Estitxu Urtizberea Partzuergoko kideak nabarmen du du euskara “gure kultur eta hizkuntza lotura indartsuena” dela. Emisio hauekin mugaren bi aldeetan euskararen erabilera indartuko dutela ziur da, baita bi aldeetako gazteen arteko elkarrizketa sustatuko dutela ere”.