Mitxel Arzak-ek irabazi du Inauterietako kartel lehiaketa
Hemeretzi lan aurkeztu dira aurtengo lehiaketara, eta Arzaken 'Atzamantzak' lana izan da irabazlea.

Mitxel Arzak-ek irabazi du Hondarribiko aurtengo Inauterietako kartel lehiaketa. Hemeretzi lan aurkeztu dira, eta Arzaken Atzamantzak lana gailendu da.
Hondarribiko Udalak lehiaketan parte hartu duten kide guztiak eskertu ditu. Bestalde, herritar guztiei ekintzetan parte hartzeko eta gozatzeko deia luzatu die.
Mitxel Arzakek azaldu duenez beti aurkezten da halako lehiaketetara. Batez ere sorkuntza prozesuan “ondo pasatzen” duelako. “Etxean musika pixka bat jarri eta gauzak egiten joaten naiz, teknika berriak ikasten… Buruan egiten duzun ideia hori gero ea nola plasmatu asmatzeko prozesua gustatzen zait. Batzuetan ez da ateratzen eta bestetan bat batean ateratzen zaizu”.
Orain artean, Photoshop-en ikasi zituen teknika “minimo” batzuekin egiten zituen kartelak, baina oraingo honetan zerbait berritzailea egiten ahalegindu dela kontatu du. Eskuz eta kartulina erabiliz sortu baitu lehiaketara aurkeztu duen lana.
Kartelera begiratu eta Hondarribiko perfila ikus daiteke goikaldean. Haren azpian olagarro arros bat ikus daiteke. “Hondarribiko errepresentazio bat sartu nahi nuen, eta gero itsasoko gauzek Hondarribi errepresentatzen dutenez, halako zerbait sartu nahi nuen. Inauterietan sardina erreak egoten dira, baina sardina nahiko txikia denez olagarro bat sartu nuen”.
Irudiari ez ziola “zentzu handirik” bilatu aitortu du Arzakek, baina inauterietarako balio zuela pentsatu zuena. “Izan ere, Inauterietan batzuetan antifaz batekin edo bigote batekin mozorrotu zaitezke”.
Lehenenik krokis bat egin zuen, eskuz, eta ondoren, olagarroari osagarri batzuk jartzeko ideia izan zuen. “Beso bakoitzean konplemento bat jarri nahi nion: inauterietako antifazak, peluka bat edo tronpeta bat… Baina gehiegi betetzen zuen”. Koloreei dagokienez, beltza hautatu zuen itsasoa nabarmentzeko, olagarroa arrosez margotu zuen eta izenburua berdez. Hondarribiko perfila, berriz, egunkariarekin osatu zuen. “Konposizioa koloretsua geratzen zela iruditu zitzaidan eta kartela betetzen zuela”.
Lehiaketa irabazi izanagatik pozik agertu da Hondarribiarra: “Suertea izan dut, egongo ziren beste mila kartel politak ere, baina gustua subjektiboa denez, aurten niri tokatu zait, eta pozik!”.