GI-3361 errepideko ezponda egonkortzeko lanak luzatu egingo dira
Martxoaren 9ra arte luzatu dituzte trafiko murrizketak Higer bidea 50 errepidean, ezponda egonkortzeko "emergentziazko lanak" direla-eta.

Gi-3361 errepidean dagoen ezponda egonkortzeko “emergentziazko lanak” abiatu berri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hori dela eta, ibilgailuen zirkulazioa erabat eten egin behar izan dute, “errepidearen plataforman dauden garabi handiekin lan egin behar izan baita”.
Aldundiak azaldu duenez, “segurtasun arrazoiengatik” garabiak ezin izan dira jarri errepidearen azpian dagoen etxebizitzara sartzeko bidean (Higer bidea 50), “eusteko ahalmen txikia duelako”. Beraz, une honetan trafikoa Pierre Lhande kaletik desbideratu dute, eta Higer bidea 50 errepidetik itsasargira besterik ezin da joan. Trafikoa laguntzeko semaforoak ezarri dituzte eta beraz, ibilgailuek bi noranzkoetan zirkulatu ahal izango dute.
Lanen luzapena
Urtarrilaren 20an hasi ziren GI-3361 errepideko ezponda egonkortzeko lanak, eta hasiera batean lanek bost asteko iraupena izatea aurreikusi zuten arren, “hainbat konplikazio tekniko” izan direla azaldu dute, eta horiek atzerapenak eragin dituztela. Ondorioz, lanak bi astez luzatuko direla jakinarazi dute. Martxoaren 9ra arte, zehazki.