Bidashop itzuli egingo da Segurtasun eta Bizikidetza Mahaira
Udal gobernuarekin bilera eduki ondoren, beste bilera batzuk egingo dituzte eta ondo bidean, Segurtasun eta Bizikidetza Mahaira itzuliko dira.

Pasa den ostiralean Bidashop merkatarien eta ostalarien elkarteak erabaki zuen udalaren Segurtasun eta Bizikidetza Mahaia uztea. Mahaiaren bilera horietan beti “proposamenak egin, problemak adierazi eta soluzioak eman” izan dituzte baina udalak ez ikusiarena egin izanagatik hartu dute mahaitik joateko erabakia.
Agerraldiaren ondoren bi ordu eta erdiko bilera eduki zuten udal gobernuarekin eta bilkurako giroa “lasaia” eta “parte hartzailea” izan denez, segurtasunaren alorrean problema bat dagoela bat egin dute bi aldeek.
Adostasunera iritsita, mahai desberdinetan elkartuko dira eta asmoa egoera hobetzeko neurri eraginkorrak hartzea izango da. Aurrerapen positiboa eta dinamika onuragarriak suertatuko badira, Segurtasun eta Bizikidetza Mahaira itzuliko dira.
Elkarteak azaldu du haien konpromisoa dela hiriaren, bezeroen eta negozioen ongizatea. Horregatik, elkarrizketa prozesuak eta elkarlanak fruituak emango dituela denen hobe beharrez uste dute.