Urteko lehen garaipena Biok Txingudirentzat
La Unica Iruñearen kontra irabazi dute asteburuan eta sailkapenean bosgarren daude. Hurrengo asteburuan Neskak Loratzen taldea jasoko dute etxean.

Lan luzearen emaitza dastatu du asteburu honetan Biok Txingudik eta La Unicaren kontra irabazi dute ligako lehen partida. Hasieratik izan zuen kontrolpean baloia Txingudik eta jabetza hori mantentzea lortu zuen. Gainera, lehen hamar minutuetan, Maren Santa Cruzek eta Ane Novok entsegu bana egin zuten eta 10 eta 0-ekoa ezarri zuten markagailuan.
Hurrengo minutuetan, etxekoen jokoa ildo berean mantendu zen, baina egindako zigor kolpeek La Unicari abantaila eman zioten. Nafarrek ez zuten lortu punturik baina, Txingudik partidako lehenengo txartel horia jaso zuen eta Ane Novo hamar minutuz kanpoan geratu behar izan zen 24. minutuan.
Geroago, hogei eta hamargarren minutuan, hainbat fase lotu ondoren, Biok Txingudik mele bat izan zuen alde entsegu-eremutik bost metrora. Enara Arrutik abaguneaz baliatu zen bere lehenengo marka egiteko (15-0).
Etxekoek zigor kolpe gehiegi egiten jarraitzen zuten eta hogei eta hamabosgarren minutuan Uxune Aranburuk aldi baterako kanporatzea jaso zuen. Beltz eta zuriek ez zuten jakin defentsa ondo antolatzen eta La Unicak zuloak aurkitu zituen baloia entsegu eremuraino eraman eta lehenengo puntuak gehitzeko (15-5).
Bigarren zatian, deskantsuaren ondoren, Plaiaundikoak indar berrituekin itzuli ziren zelaira eta aurkarien zelaian jokoa menperatzen egon ziren. Dena den, bisitariek ondo defendatzen jakin zuten eta 49.minutuan, mele baten irteeran, La Unicako jokalari baten plakaketa arriskutsuaren ondorioz, epaileak txartel gorria erakutsi eta Biok Txingudik jokalari bat gehiago izan zuen norgehiagoka amaitu arte. Ondoren, 56. minutuan, defentsa-lerroa hausten saiatu ondoren, mele baten irteeran, Enara Arrutik laugarren entsegua lortu zuen (20-5).
Baina La Unicak ez zuen amorerik emango eta, erdiko sakearen ondoren, baloia berreskuratu eta hagen artean baloia utzi zuen abantaila txikitzeko (20-12). Azkeneko jokaldietan, Asier Gonzalezek zuzendutako jokalariek garaipena lortzeko ahaleginetan jarraitu zuten beste bi marka lortu arte. Lea Etxebarrietak 69. minutuan eta Enara Arruti 80.ean, amaierako 30 eta 12koa jarri zuten.
Orain, bosgarren postuan dago Biok Txingudi eta puntu bateko aldea besterik ez dauka hirugarren postuarekin. Hurrengo larunbatean (hilak 22), Neskak Loratzen jasoko dute Plaiaundin, 16:00etan.
Biok Txingudiren hamabostekoa Zumendi Caro, Alazne Macicior, Maren Santa Cruz, Lur Gaston, Lohitzun Aia, Garazi Santos, Lea Etxebarrieta (kapitaina), Miren Fernandez, Leire Muñoz, Enara Arruti, Laida Rodriguez, Alba Saiz, Uxune Aranburu, Ane Novo eta Paola Vegak osatu zuten. Gaxi Famoso, Lucia Duran, Saioa Gartzia, Lupe Pescador, Camille Buros, Irati Beraiz, Jessica Gomez eta Iara de Almeidak ere jokatu zuten. Epailea Guillermo Pardo izan zen.
Porrota Txingudi/Baztan taldearentzat
Txingudi/Baztan 16 urtez azpiko taldeak Iruñera joan zen eta galdu egin zuten, 10 eta 76. Hala ere, taldeak lorpenak bizi izan zituen, hala nola, Oier Oliveirak hiru entsegu eta Ibai Senar, Mattin Petrikorena, Beñat Bereau, Thiago Melerio eta Unax Lopezek entsegu bana lortu zuten.
Gabiria Txingudi/Bera Bera/Baztan 18 urtez azpiko taldeak, aldiz, norgehiagoka oso kaotikoa jokatu zuen Iruñearen aurka eta 27-19 galdu zuen azkenean.
Azkenik, Txingudi/Orereta 12 eta 10 urtez azpiko taldeek Ordizian jokatu zuten Gipuzkoako eskolen topaketan.